Mundua -

Siria

52 pertsona dira ostiral goizaldean Israelgo Armadak Alepotik gertu egindako erasoan hildakoak

Ustez Israelgo Armadak egin duen erasoak Hezbollah talde xiitaren misil biltegi bat eta Jibrindik gertu kokatutako entrenamendurako toki bat zituen jomugan. Siriak "eraso terrorista"tzat jo du operazioa, eta Israelek horrelako gehiago egiteko mehatxua egin du.

Siria erasoa. Argazkia: EFE
Siria erasoa
Siria erasoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak igandean jakinarazi duenez, 52 dira ustez Israelgo Armadak Alepo hiritik hurbil ostiralean egindako erasoan hildakoak, eta dozenaka dira zaurituak. 

Siriako Armadako 38 militar, Hezbollah taldeko zazpi kide eta inguruan zabaldutako Iranen aldeko beste milizia batzuetako zazpi lagun lirateke hildakoak. 

Erasook Hezbollah talde xiitaren misil biltegi bat eta Jibrindik gertu kokatutako entrenamendurako toki bat zituzten jomugan.

Aipatu iturriak zehaztu du Al Safiran dituzten "defentsa fabriketara" zabaldu dela atentatua, eta leherketak Kafr Jumen (Alepo mendebaldean) ere entzun direla.

Esan bezala, erasoa Israeli egotzi dio Giza Eskubideen Behatokiak. Azken hiru urteotan, baina, Israelek sekula ez du horrelako atentaturik bere gain hartu.

Halere, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 28 eraso egin eta 104 segurtasun kide hil dituzte urte hasieratik.

Siriak "eraso terrorista"tzat jo du

Siriako Atzerri Ministerioak "eraso terrorista"tzat jo ditu Isralek ostiral goizaldean Alepon egindako bonbardaketak, eta hildakoen artean zibilak ere badaudela jakinarazi du.

Israelen mehatxua

Bien bitartean, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak ohartarazi du Hezbollahren aurkako kanpaina militarra zabaldu egingo duela taldea "jarduten den leku guztietara", eta Beirut eta Damasko aipatu ditu.

"Israel bere burua defendatzetik Hezbollah jazartzera igaro da. Talde hori jarduten den leku guztietara iritsiko gara, Beirutera, Damaskora eta leku urrunagoetara", ohartarazi du Gallantek Armadaren egoitza batean egindako adierazpenetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Israel Siria