Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Gazan ere ekin diote Ramadanari, su-etenik gabe eta "muturreko gosearekin"
Israelen erasoaldiak ez du etenik, eta Hamas bahituak trukatzeko negoziaketari berrekiteko prest agertu da, baina Israelek behin betiko su-etena hitzemanez gero.
agentziak | eitb media
Hasi da Ramadan hilabete sakratua, musulmanentzako bake eta gogoeta garaia, baina erasoaldiak eta goseak bere horretan jarraitzen dute Gazako Zerrendan, eta Israelek okupatutako Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean beldur dira indarkeria gogortuko ote den.
Gazan 31.000 hildako eta 72.500 zauritu baino gehiago zenbatu dituzte duela bost hilabete Israelen erasoaldia hasi zenetik, eta gutxienez 25 pertsona, gehienak haurtxoak, hil dira goseak jota, bertako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
Katarreko, Egiptoko eta AEBko bitartekariekin zenbait astez negoziatu arren, ez da azkenean su-etenik izan Ramadanaren hasieran, bereziki Israelek behin betiko su-etenik ez duelako onartu eta Hamasek ez ziolako oniritzia eman 40 eguneko etenaldiari, negoziazio mahaiko azken zirriborroa irakurrita ondoriozta daitekeenez.
"Behin betiko su-eten erabatekoa, Gazako okupazio indarrek alde egitea, lekualdatutakoen itzulera eta gai humanitarioen onarpena" dira, "erasoaldia" amaitzearekin eta Zerrendaren berreraikuntzarekin batera, Ismail Haniyeh Hamasen buruzagietako batek jarri zituen baldintzak akordiora iristeko.
"Muturreko gosea zabaltzen ari da"
Gazako familiak prestatzen ari dira, duten guztiarekin, lehenengo iftarra (baraualdiaren osteko afaria) ospatzeko, baina elikagai behar handia dute, eta etengabeak dira Israelen bonbardaketak.
"Gazako herritarrentzat, (Ramadana) gosetea zabaltzen ari denean hasiko da, lekualdatzeak bere horretan diharduten eta Rafahn operazio militarra hasteko mehatxuak izua areagotzen duen bitartean", adierazi du sare sozialetan Philippe Lazzarini UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatu Palestinarrentzako Agentziaren buruak.
Elikagai eskasiari aurre egiteko, Israelek laguntza humanitarioaren sarrera galarazten duen heinean, AEBk itsasontzi bat bidali zuen Gazako kostarantz bertan "behin behineko portu bat" jarri eta hornidura hortik banatzeko.
Gainera, Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak txalotu egin du Kanadak eta Suediak UNRWAri laguntzak ematen jarraitzea, urriaren 7an Israelen aurka egin zuten erasoan agentziako zenbait kidek parte hartu zutela jakin ostean laguntzak eten eta gero.
Ez diete Meskiten Zabalgunean sartzen utzi
Israelgo Poliziak galarazi egin die bart ehunka gazteri Jerusalem Ekialdean okupatutako Meskiten Zabalgunean sartzea Ramadanaren lehenengo otoitzak egiteko.
Dozenaka lagun elkartu dira zabalgunearen sarreran Al Aqsa meskita sakratuan otoitz egiteko asmoz, baina Poliziak kolpeka uxatu ditu.
Jokabide horrek ez du bat egiten Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hitz emandakoarekin, Ramadamean kultu askatasuna bermatuko zuela adierazi baitzuen, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak nahi zuenaren kontra.