Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek ez du mugatuko Al Aqsako meskitarako sarbidea Ramadanean
Datorren larunbatean abiatuko da Ramadana, eta komunitate musulmanarentzat hilabete sakratua den honetan, Netanyahuren gertuko zenbait ministrok Meskiten Zabaldegia delakoan otoitza debekatzea eskatu zuten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelek ez du mugatuko Jerusalem zaharrean dagoen Meskiten Zabaldegirako sarbidea Ramadanean —datorren larunbatean hasi, eta apirilaren 9an amaituko da—, eta "eskura duen guztia" egingo duela ziurtatu du, komunitate musulmanaren "otoitzerako askatasuna" bermatzeko. Besteak beste, Al Aqsako meskita dago toki horretan, islamaren munduko gune sakratuenetako bat. Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren leku enblematiko ere bilakatu da azken urteotan.
Atzo egindako agerraldi batean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azaldu zuen "erlijio guztien otoitzerako eskubidea errespetatu" duela beti bere herrialdeak, eta bide horri eutsiko diola. "Beti errespetatu izan dugu Ramadana, eta hala egingo dugu", esan zuen. Nolanahi ere, "gatazka giroan segurtasun neurriak" areagotzea ez zuen baztertu.
Adierazpenokin, Netanyahuk ezeztatu egin ditu bere gertuko lantaldeko bi kideren hitzak. Itamar Ben Gvir eta Bezalel Smotrich Segurtasun eta Finantza ministro israeldarrak, hurrenez hurren, Meskiten Zabaldegirako sarbidea mugatzearen alde agertu ziren, "egoera arriskutsuak" sor daitezkeela argudiatuta.
Hala, Ben Gvirrek gogor kritikatu ditu Netanyahuk atzo esandakoak, eta uste du lehen ministroa "Israelgo herritarrak arriskuan" jartzen ari dela. Are gehiago, gehitu du Gobernuko gerra kabineteak urriaren 7an gertatutakoa ez duela aintzat hartzen.
Urtero, Ramadan garaian ehunka mila musulman joaten dira Jerusalemgo Meskiten Zabaldegira. 400.000 bat pertsona hartzeko edukiera du.