Mundua -

Errusia

Navalniren hileta ostiralean egingo dute Moskun

Errusiako oposizioko buruzagia izandakoa hiriko hego-ekialdeko eliza batean izango da, eta handik gertu lurperatuko dute. Navalniren alargunak esan du ez dakitela bertaratuko direnak atxilotzeko agindua emango ote duten. Bezperan Putinek agerraldia du ganberan, eta data hori saihestu du Kremlinek.

Navalni, artxiboko argazki batean. EFE
Navalni, artxiboko argazki batean.
Navalni, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aleksei Navalni oposizioko buruzagi errusiarraren hileta ostiralean, martxoak 1, egingo dute Moskun. Navalni hilaren 16an hil zen, bat-batean, abendutik preso zegoen zirkulu polar artikoko espetxean. 

Kira Yarmish bozeramaileak X sare sozialean egin du iragarpena. Zehaztu duenez, Moskun 14:00ak direnean abiatuko da elizkizuna Moskuko Jainkoaren Amaren erretratuaren Elizan (Mariino auzoan, hiriaren ipar-ekialdean). "Etorri denboraz", erantsi du. Hil kapera auzo horretan bertan paratuko dute, eta gertu dagoen Borisov hilerrian emango diote lur. 

Navalniren gertukoek egunak zeramatzaten salatzen ez zutela hileta egiteko eta gorpua lurperatzeko lekurik eta datarik topatzen. 

Ivan Zhdanov Navalniren kolaboratzaileetako batek gogorarazi duenez, berez otsailaren 29a zuten begiz jota azken agurra egiteko. "Hara non, otsailaren 29an ez zegoen lurperatzailerik ere. Otsailaren 28an eta martxoaren 1ean arazo barik topa zitezkeen, baina 29an ez", salatu du X sare sozialean. 

Salatu duenez, Kremlinek data hori baztertu du hasieratik, egun horretan Putinek nazioaren egoerari buruzko hitzaldia baitu egitekoa Errusiako Parlamentuan. Hiletaren ostean protestak egongo direla argudiatu dute Errusiako agintariek, eta hala, martxoaren 1a proposatu dute. 

Hain justu, Yulia Navalnaya Navalniren alarguna Europako Parlamentuan izan da gaur. Adierazi duenez, senarraren gorpua "hondatuta" zegoen, eta salatu du, Putinen aginduz, hiru urtez torturatua izan zela. 

Hiletari buruz, ohartarazi du bertaratutako diren pertsonak atxilotzeko agindua eman dezaketela Errusiako agintariek. 

Azkenik, nabarmendu du egunen batean Putinek "Errusiari, Ukrainari eta Nalvaniri berari egindakoagatik erantzun" beharko duela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mosku Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur