Mundua -

Drogak

Alemaniak 50 gramo kalamu eduki eta kontsumitzea legeztatu du, hainbat murrizketarekin

Apiriletik aurrera, lege berria indarrean sartzen denean, 18 urtetik gorakoek gehienez hiru kanabis landare landatu ahal izango dituzte etxean autokontsumorako, edo 50 gramo lore lehor eduki ahal izango dituzte eremu pribatuan.

Kalamua. Artxiboko irudia: EITB
Kalamua. Artxiboko irudia: EITB
Kalamua. Artxiboko irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Parlamentuko Behe Ganberak (Bundestag) 50 gramo kalamuren jabetza eta kontsumoa legeztatzea onartu du gaur. Hala ere, hainbat murrizketa izango ditu neurriak.

Karl Lauterbach Osasun ministroak iazko apirilean proposatutako lege-proiektuak polemika handia sortu du, eta, aldaketa sakonak eginda bada ere, Gobernu koalizioko diputatu sozialdemokraten, berdeen eta liberalen eta ezkerraren aldeko botoak jaso ditu.

Oposizio kristau-demokratak eta AfDko ultraeskuindarrek, aldiz, kontra bozkatu dute.

"Ni neu legeztatzearen aurka egon nintzen urte askotan, baina zientziak esaten du orain bide hori jarraitu behar dela", nabarmendu du Lauterbach sozialdemokratak bere hitzaldian.

Ministroak "zigorrak eta tabuak" saihestu behar direla esan du, eta "merkatu beltzetik babestu ez ditugulako bizitza suntsitu diegun gazteak ez kriminalizatzearen" alde egin du.

Apiriletik aurrera, lege berria indarrean sartzen denean, 18 urtetik gorakoek gehienez hiru marihuana landare landatu ahal izango dituzte etxean autokontsumorako, edo 50 gramo lore lehor eduki ahal izango dituzte eremu pribatuan (gehienez 25 gramo espazio publikoan badaude).

Gainera, uztailetik aurrera legezkoa izango da 500 kide arteko klubak sortzea, kalamua modu kolektiboan eta ez-komertzialean landu ahal izateko eta elkarren artean trukatzeko, kontsumo pribaturako.

Bestalde, 25 gramora arteko kantitatea edukitzeagatik edo laborantzagatik emandako epaiak zigortuen aurrekarietatik ezabatuko dira atzeraeraginez.

Jendaurreko kontsumoak hainbat murrizketa izango ditu, legez kanpokoa izaten jarraituko baitu ikastetxeetako eta kirol-instalazioetako sarreretan, 100 metroko inguruan.

Lege berria indarrean sartu eta 18 hilabetera, beranduenez, azterketa bat egingo da, haurren eta nerabeen osasunean zer eragin duen ezagutzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Drogak Alemania Gizartea Eguneko albisteak Albisteak