Mundua -
NBE
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazan genozidioa "saihesteko" neurriak hartzeko agindu dio Israeli
Hala ere, ez du su-etenik eskatu. Auzitegia "oso kezkatuta" agertu da Gazan izaten ari den "etengabeko bizien galera" tarteko, eta uste du palestinarrak badutela eskubidea genozidio ekintzez "babestuak izateko".
EITB MEDIA
NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazan genozidioa "saihesteko" ahalik eta neurri gehien hartzeko agindu dio Israeli, nahiz eta ez dion eskatu erasoaldia eteteko. Halaber, laguntza humanitarioa Gazara iristea ahalbidetzeko neurri "eraginkorrak" eta "berehalakoak" hartzeko ere eskatu dio.
Hagan egoitza duen auzitegiaren ebazpenak lotesleak dira, baina Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez dauka horiek betearazteko gaitasunik.
Bestalde, auzitegiak azaldu duenez, Israelek suntsiketa eragotzi eta kasuari lotutako frogak gorde behar ditu. Horrez gain, Israelek hilabeteko epean txosten bat aurkeztu beharko du, gaurko eskaerak betetzeko hartu dituen neurri guztien berri emateko.
Joan E. Donoghue epaileak irakurri du kasu honi buruzko erabakia, eta esan du 1948ko NBEren Genodizioaren Konbentzioa oinarri hartuta, Nazioarteko Justizia Auzitegiak baduela ahalmena kasuari buruz ebazteko. Donoghueren arabera, Gazan gertatzen ari dena "tragedia humanitarioa" da, eta bereziki kezkatuta agertu da heriotza kopuru handiagatik. "Gazako haurren egoera bereziki tamalgarria da", deitoratu du.
Auziaren muinari buruzko behin betiko erabakia hartu bitartean, behin-behineko neurriak hartzea eskatu zuen Hegoafrikak. Gaurko saioan onartu dute Gazako egoera "katastrofikoa" dela eta are okerragoa izan daitekeela azken epaia ematen denerako.
Iragan abenduan Hegoafrikak Israel salatu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian, Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiaren aurrean, Gazako Zerrendan genozidio krimenak egitea leporatuta. Ostiral honetan Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera, dagoeneko 26.000 pertsona baino gehiago hil dituzte Gazan urriaren 7az geroztik.
Erreakzioak
Hamas talde islamistak pozik hartu du erabakia. "Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia aurrerapauso garrantzitsua da, okupazio israeldarra isolatzen eta haren krimenak Gazan azaltzen laguntzen baitu. Gortearen erabakiak ezartzera behartzea eskatzen dugu", adierazi du ohar batean Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak.
Palestinar Aginte Nazionaleko Atzerri ministro Riyad al Malikik ere pozik hartu du nazioarteko auzitegiaren erabakia, eta gogorarazi du haren ebazpenak "nahitaez" bete beharrekoak direla.
"Dei egiten diegu estatu guztiei berma dezaten Gorteak agindutako behin-behineko neurri guztiak ezarriko direla, Israeli ere, potentzia okupatzailea baita. Betebehar juridiko loteslea da", gaineratu du Palestinako ministroak.
Bestalde, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren esanetan, Nazioarteko Justizia Gortea ikertzen ari den Israelen aurkako genozidio salaketa "ez da soilik faltsua, eskandalagarria da", baina auzitegiak liskarrak berehala etetea agindu ez izana ospatu du.
Joe Biden AEBko presidenteak Hamasek urriaren 7an egindako "izugarrikeriak" ez gutxitzeko eskatu du, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Egunean argitaratutako ohar batean.
Europar Batasunak (EB) nazioarteko auzitegiak emandako agindua "osorik, berehala eta eraginkortasunez" aplikatzea eskatu du. Agiri bateratu batean, Europako Batzordeak eta Josep Borrell EBko Atzerri Gaietarako goi-ordezkariak gogorarazi dute NBEko Gortearen aginduak "lotesleak" direla eta "aldeei" horiek betetzeko eskatu diete, Israel berariaz aipatu gabe.
Hegoafrikako Gobernuak adierazi du Nazioarteko Justizia Gortearen epaia "garaipen erabakigarria" dela "nazioarteko zuzenbideko estatuarentzat".
Iranek Hegoafrika zoriondu du Nazioarteko Justizia Gortean lortutako "arrakastagatik". Gainera, Hosein Amir Abdolahian Irango Atzerri ministroak beste behin leporatu dio AEBri "Israelen krimen sionistak babestea, eta hori ez da ahaztuko".
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak erabaki "baliotsua" dela esan du, eta Israelgo Defentsa Indarrek Gazako Zerrendan "sarraskiak" gelditzea espero du.
Egiptoko agintariek pozik hartu dute epaia, baina auzitegiak berehalako su-etena ere agindu ez izana deitoratu du.
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak "gizateriaren garaipen" gisa ospatu du erabakia.
Espainiak nazioarteko auzitegiak agindutako kautelazko neurriak betetzeko eskatu die "alde guztiei". "Espainiak neurri horiek bere osotasunean errespetatzeko eta betetzeko deia egiten die alde guztiei", azaldu du Kanpo Atzerri Ministerioak ohar batean, Gobernuak erabakia "ospatzen" duela ziurtatu ondoren.
Azkenik, Espainiako Gobernuak, "beste behin ere", "berehalako su-etena", Hamasen esku dauden "bahituen baldintzarik gabeko askapena" eta Zerrendarako "laguntza humanitarioa" eskatzeko aprobetxatu du, baita "bi Estatuen konponbidea gauzatzeko bidean aurrera egiteko beharra" defendatzeko ere.