Mundua -
Itsaso Gorria
Saudi Arabiak eta Txinak "moderazioa" eskatu diote AEBri; Errusiak Yemengo bonbardatzeak gaitzetsi ditu
Frantziak, Alemaniak eta Japoniak, esaterako, erasoak justifikatu dituzte eta autodefentsarako eskubidearen baitan kokatu dituzte.
Agentziak | EITB MEdia
Espero zitekeen moduan, AEBk eta Erresuma Batuak huthien kontra Yemenen bart egin dituzte bonbardatzeek agerian utzi dute, beste behin, nazioartean Ekialde Hurbileko gatazkaren harira dagoen zatiketa.
Saudi Arabiak, Ekialde Hurbilean AEBren aliatu eta Yemengo Gobernuaren babesle nagusiak, "moderazioa" eskatu du bonbardatzeen ostean. "Saudi Arabiako erreinua kezka handiz jarraitzen ari da Itsaso Gorrian gertatzen ari diren operazio militarrak eta Yemenen kontrako egindako aire erasoak", nabarmendu du Atzerri Ministerioak ohar batean. Hala, "neurriz jardutea eta gatazkaren eskalatzea saihestea" galdegin du.
Saudi Arabiaren arabera, ezinbestekoa da Itsasoko Gorriko egonkortasuna eta segurtasuna bermatzea, eta gogorarazi du, huthiek ontzien kontra egin dituzte erasoak jomugan, nabigaziorako askatasuna "nazioarteko eskakizun bat" dela "herrialde guztien interesei kalte" egiten dielako.
Riad Yemengo gerran nahasita dago 2015etik, eta, gainera, herrialdearekin muga egiten du. Ekialde Hurbilean gatazka lehertu zenetik hainbat aldiz ohartarazi du gerraren eskalatzeaz.
Txinak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Bi aldeei "lasaitasuna eta moderazioa" galdegin die Ekialde Hurbileko gatazka are gehiago gaiztotu ez dadin.
"Txinako Gobernua kezkatuta dago Itsaso Gorrian tentsioa areagotu egin dela eta. Alde guztiei eusteko ahalegina egiteko eskatu nahi diegu", adierazi du Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
Azken hilabeteotan bitartekari lanak egin ditu Saudi Arabia eta Iranen artean, bien arteko diplomatikoak hobetzeko. Pekinek itsas-taldea du eremu horretan, eta orain arte behintzat, piraten kontrako operazioetarako baino ez du erabili.
Bonbardatzea babestu edo justifikatu duenik ere badago. AEBk eta Erresuma Batuak jakinarazi dutenez, lau herrialderen laguntzarekin gauzatu dituzte erasoak: Australia, Bahrain, Kanada eta Herbeheerak. Ohar bateratu baten bidez, erasoak justifikatu dituzte, halaber, Danimarkak, Alemaniak, Zeelanda Berriak eta Hego Koreak. Azaldu dutenez, autodefentsaren eskubide indibidual eta kolektiboa erabili dute estatubatuarrek eta britainiarrek. Dokumentu hori sinatu ez badute ere, antzeko argudioak eman dituzte Frantziak eta Japoniak ere.
Ifrentzuan, Errusiak erasoak gaitzetsi ditu eta AEBri eta Erresuma Batuari eremuko egoera "larriagotzea" egotzi die. Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioaren eledunak salatu duenez, "AEBk NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak desitxuratzen ditu eta erabat mespretxatzen du Nazioarteko Zuzenbidea".
Ildo beretik mintzatu da Irango Gobernua ere. Naser Kannani Atzerri Ministerioko bozeramaileak "gogor" salatu ditu erasoak, eta AEBri eta Erresuma Batuari Yemengo "lurralde subiranotasuna eta batasuna" urratzea egotzi die. Aipatu beharra dago Iranek babestu egiten dituela huthiak, baina azken hilabeteotan, Txinaren bitartekaritzari esker, Saudi Arabiarekin zituen harremanak hobetu dituela.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen hitzetan, AEBk eta Erresuma Batuak Itsaso Gorria "odolezko itsaso bihurtu" nahi dute, eta salatu du erasoa ez dela "neurrikoa" izan.
Jordania ere oso kritiko azaldu da. Aitortu duenez, "kezkatuta" dago Itsaso Gorrian gertatzen ari denarekin, eta Israel egin du erantzule. Amanen arabera, herrialde hebrearra "Ekialde Hurbila osoa gerran eta gatazkan murgiltzera" bultzatzen ari da Gaza erasopean mantenduta.
Espainiak ez du parte hartuko EBk Itsaso Gorrian egin dezakeen misioan
Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak esan du Espainiak ez duela parte hartuko Europar Batasunak Itsaso Gorrian egin dezakeen balizko misio batean.
Roblesek kazetarien aurrean aurreratu du erabakia, Europar Batasunak Itsaso Gorria patruilatzeko misio espezifiko bat proposatu ostean, baina ministroaren arabera, oraindik ez dago zehaztuta, baina "ez litzateke betearazlea izango".