Mundua -

GERRA, GAZAN

Gazan "jokabide genozida eredu bat" jarraitzea leporatu dio Hegoafrikak Israeli

Nazioarteko Justizia Auzitegia gaur hasi da Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketa aztertzen.

Hego Afrikako ordezkari legala, Hagan. EFE
Hego Afrikako ordezkari legala, Hagan. EFE
Hego Afrikako ordezkari legala, Hagan. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendan genozidio krimenak egitea leporatuta, Hegoafrikak Israelen kontrako salaketa jarri zuen, iazko abenduaren amaieran, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren (Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusia) aurrean, eta gaur hasi da hori aztertzeko prozedura Hagako Bakearen Jauregian. Saioei hasiera emateko, Joan Donoghue Auzitegiko presidenteak bi aldeen ordezkariak aurkeztu ditu: Dikgang Ernest Moseneke abokatua izango da Hegoafrikaren ordezkaria, eta Aharon Barak, Israelena.

Gaur, Hegoafrikaren txanda izan da, eta 10:00etatik 13:00era arteko tartea izan du, salaketaren argudioak azaldu eta bere eskaria mahai gainean jartzeko. Israelek bihar goizean izango du horretarako aukera.

Nazio Batuen Erakundeak 1948an onartutako eta 152 herrialdetan indarrean dagoen Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna urratzen ari dela frogatu nahi du Hegoafrikak prozesu honetan. Salaketa aurkeztu zuenean, herrialde horrek nabarmendu zuen, genozidioaren aurkako itunaren sinatzaile den heinean, Gazakoa bezalako sarraskiak "galarazteko betebeharra" duela. 

Gaurko saioan, Adila Hassim abokatu hegoafrikarrak berretsi du "ekintza genozida" dela Israel Gazan egiten ari dena. "Hilketa masiboen, behartutako desplazamenduen, eta kalte fisiko eta mental larrien" bidez,  palestinarren kontra "jokabide genozida eredu bat" jarraitzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk zuzentzen duen Gobernuari.

Prozedura honekin, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez du, oraingoz, gatazkaren funtsa aztertuko. Soilik, Gazako herritarren eskubideak babesteko behin behineko neurriak hartu ala ez erabakiko du, Hegoafrikak proposatutakoa kontuan hartuta.

2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen kontrako erasoa egin zuenetik (1.200 israeldar inguru hil ziren), Israelgo Gobernua etenik gabe ari da Gaza erasotzen, eta, dagoeneko, 23.300 palestinar baino gehiago hil ditu, eta 60.000 inguru zauritu. 2,3 milioi pertsona bizi dira Gazan, eta horietatik 1,9k euren bizitokiak utzi behar izan dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Giza Eskubideen Europako Auzitegia