Mundua -
Ekonomia
Euroguneko urteko inflazioa bost hamarren igo da abenduan, % 2,9raino
Elikagaiak, alkohola eta tabakoa garestitu dira gehien (% 6,1), eta energia % 6,7 merkatu da. Euroguneko 20 herrialdeetatik hamarretan inflazioak behera egin du abenduan, batean egonkor mantendu da (Espainian, % 3,3an) eta gora egin du bederatzitan.
Agentziak | EITB Media
Urteko inflazio-tasa bost hamarren igo da abenduan Eurogunean, % 2,9raino, Eurostat Europar Batasuneko estatistika-bulegoak ostiral honetan argitaratutako behin-behineko datuen arabera.
Elikagaien, alkoholaren eta tabakoaren prezioen igoera izan da, batez ere, inflazioa igoarazi duena, % 6,1eko hazkundea izan baitute horiek (azaroan, % 6,9koa izan zen).
Zerbitzuen prezioek % 4 garestitzeak ere baldintzatu du igoera, baina horietan ez da aldaketarik izan aurreko hilabetekoarekin alderatuta.
Bestalde, industria-ondasunak (energia salbu) % 2,5 igo dira, eta % 2,9 egin zuen azaroan.
Jaitsi diren prezioen artean da, hain zuzen ere, energiarena dago, % 6,7 egin baitu behera abenduan (azaroan % 11,5 jaitsi ziren).
Euroguneko hogei herrialdeetatik hamarretan, inflazioak behera egin du abenduan, Espainian berdin mantendu da, % 3,3an, eta bederatzitan gora egin du, nahiz eta tasak oso ezberdinak izan herrialdeen artean.
Igoera handienak Eslovakian (% 6,6), Austrian (% 5,7) eta Kroazian (% 5,4) izan dira; txikienak, berriz, Belgikan eta Italian (% 0,5) eta Letonian (% 0,9).
Espainiako tasaren gainetik kokatu dira Alemania (% 3,8), Estonia (% 4,3), Grezia (% 3,7), Frantzia (% 4,1), Malta (% 3,6) eta Eslovenia (% 3,8).
Espainiako % 3,3 horren azpitik, berriz, Irlanda (% 3,2), Zipre (% 1,9), Lituania (% 1,6), Luxenburgo (% 3,2), Portugal (% 1,8), Herbehereak (% 1,0) eta Finlandia (% 1,6) daude.