Mundua -
GAZA ERASOPEAN
Palestinako Ilargi Gorriak salatu du beharrezko laguntzaren % 10 baino ez dela sartu Gazan
Bestalde, Israelek Kerem Shalomeko mugako bidegurutzea ireki du, lehen aldiz, laguntza humanitarioa sartzeko. Ostiralean AEBrekin hartutako konpromisoaren ondorio da muga irekitzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako Ilargi Gorriak salatu duenez, biztanleen beharrak asetzeko behar den laguntzaren % 10 baino ez da sartu Gazako Zerrendan urriaren 7an bonbardaketak hasi zirenetik.
"Zenbat kamioi sartu dira Gazako zerrendan eskalada hasi zenetik? Nola banatu da laguntza? Jasotako laguntzak ez du beharren ehuneko 10 ere betetzen. Palestinako Ilargi Gorriak Gazan laguntza etengabe eta baldintzarik gabe sartzea eskatzen du ", argitaratu du erakunde humanitarioak X kontuan, lehen Twitterren.
Eman dituzten datuen arabera, urriaren 21etik irailaren 16ra 4.637 kamioi sartu dira Rafako pasabidetik, eta horietatik % 60 Palestinako Ilargi Gorriari dagozkio. Kargamentu horietatik, % 49 elikagaiak dira, % 20,3 laguntza-gaiak, % 11,7 mediku-hornidura eta % 19 ura.
UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak ere salatu du Gaza "hilerri" bihurtzen ari dela "gerraren, setioaren eta gabezien artean harrapatuta dauden herritarrentzat". "Ezin da laguntzarik eman bonbardaketek etenik ez duten zeru baten azpian", ohartarazi du Juliette Touma UNRWAko bozeramaileak.
Philippe Lazzarini UNRWAko ordezkariak gaineratu duenez, "inoiz ez dut horrelako ezer ikusi". "azken 40 egunetan hildako pertsonen kopuruak ez du aurrekaririk. Ukrainako gerran baino emakume eta haur gehiago", deitoratu du.
Lazzarinik gogorarazi du, gainera, azpiegituraren % 60 baino gehiago suntsituta daudela eta biztanleriaren % 90 baino gehiago desplazatuta dagoela. "Hildako NBEko langileen kopuruak ez du aurrekaririk", azpimarratu du, era berean.
Igande honetan, hala ere, Israelek Kerem Shalomeko mugako bidegurutzea ireki du, lehen aldiz, urriaren 7tik, laguntza humanitarioa sartzeko. Ostiralean AEBrekin hartutako konpromisoaren ondorio da irekiera.