Mundua -
Israel-Hamas gerra
Israelek hiru faseko kanpaina aurkeztu du Gazan Hamasekin akabatzeko
Defentsa ministroak bigarren fase batean "maniobra taktikoak" izango dituen kanpainaren berri eman du, ondoren "erresistentzia guneen" aurkako ekintzak hartuko dituena.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelgo Armadak Hamas mugimendu islamistaren eta haren milizien aurka Gazako Zerrendan abiatu duen kanpaina militarraren planak aurkeztu ditu ostiral honetan Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek. Azaldu duenez, hiru fase izango dituen operazio hori aireko bonbardaketekin hasi da, eta "maniobra taktikoak" eta "intentsitate txikiagoko operazioak" izango dira ondoren, "erresistentzia fokuak" desagerrarazteko.
Israelgo Parlamentuko Kanpo Arazoetarako eta Defentsarako Batzordean bere planak aurkeztu dituenean jakinarazi du Gallantek Israelgo Armada kanpainaren lehen fasean dagoela jada: "Hamasen azpiegituraren kontrako aireko erasoak egiten ari gara, ondoren Hamaseko kideak suntsitzeko maniobra taktiko baten bidez jarraitzeko".
Adierazi duenez, bigarren fasea "erresistentzia fokuak" ezabatzeko intentsitate txikiagoko ekintza taktikoak izango dira, eta, "hirugarren urratsa", Israelgo telebistaren 12 Kanalak jasotako bileraren komunikatuaren arabera, "Gazako Zerrendan segurtasun-erregimen berri bat sortzea izango da". Azkenik, "Israelgo herritarrentzako eta Gazako egoiliarrentzako segurtasun-errealitate berri bat sortzea" izango du Armadak helburu.
12 Kanaleko iturriek ostegunean baieztatu zutenez, Israelgo Armadak Hegoaldeko komandoa birmoldatu zuen, lurreko erasoaldia abiatu ahal izateko. Erasoaldi hori ia ziurtzat jotzen zuten, "luzaroan" luzatuko zena, "egonkortze prozesu bat" abiatu aurretik.
Iturri berberek baieztatu dutenez, Gallantek aditu talde bat sortu du dagoeneko Hamas desagerrarazi eta hurrengo egunerako, Gazako Zerrendaren estatusa, administrazioa eta Israelekin izango duen harremana aztertzeko, Israelen kanpaina arrakastaz amaitzen bada.