Mundua -

KLIMA ALDAKETA

Guterres, NBEko klima goi-bileran: "Infernuaren ateak zabaldu ditugu"

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia oso kritiko agertu da isuriak zerora murriztea helburu duen ekonomia eredu baterako trantsizio energetikoa "blokeatzen saiatu" diren konpainia handiekin.

Antonio Guterres, NBEren batzarrean. Argazkia: EFE
Antonio Guterres, NBEren batzarrean
Antonio Guterres, NBEren batzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Klima aldaketaren aurrean neurri eraginkorrik hartu ez eta infernuaren ateak zabaldu ditugu". Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak esan ditu hitzok,  erakunde horrek deituta New Yorken egiten ari diren Klima Anbizioari buruzko Goi-bileran.

"Suaren ondorioak beldurgarriak dira. Nekazariek izututa begiratzen diete uholdeei, urak euren laborantzak eramaten dituenean. Tenperatura itogarriek gaixotasunei bide ematen diete. Eta milaka herritar ihesi doaz, suteen beldur", adierazi du Guterresek.

Nolanahi ere, oraindik hainbat neurri hartzeko "garaiz" daudela herrialde aurreratuenak ziurtatu du, eta, besteak beste, tenperaturaren igoera gehienez 1,5 gradukoa izatea jarri du helburutzat. Horretarako, gehitu du herrialde aurreratuenek euren "politikak aldatu" eta "energia fosiletara bideratzen dituzten milioi askoko dirulaguntzekin amaitu" behar dela.

NBEko idazkari nagusia oso kritiko agertu da isuriak zerora murriztea helburu duen ekonomia eredu baterako trantsizio energetikoa "blokeatzen saiatu" diren konpainia handiekin. "Konpainia handiek euren aberastasuna eta eraginkortasun maila erabiltzen dute trantsizio energetikoa atzeratzeko eta munduko mandatarien atentzioa desbideratzeko", zehaztu du.

Halaber, garapen bidean dauden herrialdeei begira ere jarri da Guterres, horiek baitira, bere hitzetan, klima larrialdiaren ondorio "okerrenak" pairatzen dituztenak, "inolako errurik gabe". Herrialde aberatsenekiko erabateko menpekotasun ekonomikora zigortuak daudela azaldu du, hondamendi naturalek sortzen dizkieten txikizioak direla eta.

Zentzu horretan, nazio aberatsei 2009an hartutako konpromisoa betetzeko eskatu die: hau da, urtero 100.000 milioi dolar bideratu ditzatela klima aldaketaren efektuak murriztera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea New York NBE Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa NBEren klimari buruzko goi-bilera