Mundua -

LIBIA

30.000 desplazatu laguntzaren zain daude Dernan, gaixotasunak zabaltzeko beldurra handitzen ari den bitartean

Libiako Derna hirian hildakoak 20.000 izan daitezke, hiriko alkateak egindako kalkuluen arabera.

Libiako Derna hiria, Daniel zikloia igaro ondoren. Argazkia: EFE
Libiako Derna hiria, Daniel zikloia igaro ondoren
Libiako Derna hiria, Daniel zikloia igaro ondoren. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel zikloiak Libian eragindako uholde historikoetan, 7.000 hildako, 10.000 desagertu eta 30.000 desplazatu baino gehiago zenbatu dituzte, baina hildakoak askoz ere gehiago izatea aurreikusten dute. Derna hirian, esaterako, hildakoak 20.000 izan daitezkeela adierazi du Abdulmenam Al Gaizi alkateak.

Libiako laugarren hiri handiena da Derna, 120.000 biztanle ingurukoa. 17 orduz etenik gabe euria egin ostean, inguruko bi presa hautsi eta 33 milioi metro kubiko ur kontrolik gabe isuri ziren.

Estatuko Buruzagitzak ikerketa abiatzeko eskatu dio Fiskal Nagusiari, aipaturiko urtegiak zergatik suntsitu ziren argitzeko. Iaz, bertako unibertsitateko ikerketa batek ohartarazi zuen premiaz behar zituela mantentze-lanak, baina agintariek ez zuten ezer egin.

Zikloia iritsi bezperan, Udalak urtegiaren ingurua jendez husteko eskatu zuen, baina Gobernuak etxeratze-agindua baino ez zuen ezarri hainbat udalerritan, Derna hiriko alkateak azaldu duenez.

Laguntza tantaka ari da iristen

Igandean hondamendia gertatu zenetik, ezin da lurretik Derna hirira iritsi, eta argindar eta komunikazio gabe gelditu dira. Hori dela eta, laguntza tantaka ari da iristen.

Garbiketa zerbitzuak 24 orduz ari dira lanean, etenik gabe, hondakinak kentzeko, ur geldoa ponpatzeko eta bideak irekitzeko.

Gaur-gaurkoz ia ez dago hondakinen artean inor bizirik aurkitzeko itxaropenik, eta, aldiz, gaixotasunak ugaritzeko beldurra handitzen ari da. Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak txertaketa-kanpaina abiatu du 20.000 adin txikikoren artean, hepatitis, kolera edota malaria gaitzen kontra babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioarteko albisteak 2024 Eguneko albisteak Eguneko albisteak Uholdeak bideoak Urakanak Sumendien erupzioek kaltetutakoak Libia gaur