Mundua -

Uholde katastrofikoa

Libiako Derna hirian hildakoak 20.000 izan daitezke

Libiako Derna hirian hildakoak 18.000 eta 20.000 artean izan daitezke, suntsitutako barruti kopuruaren arabera, bertako alkateak azaldu duenez.

Txikizioa Derna hirian (Libia). Argazkia: EFE
Txikizioa Derna hirian (Libia). Argazkia: EFE
Txikizioa Derna hirian (Libia). Argazkia: EFE

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako Derna hirian, uholde katastrofikoaren ondoren, hildako pertsonak 18.000 eta 20.000 artean izan daitezke, suntsitutako barruti kopuruaren arabera, Abdulmenam Al Gaizi alkateak asteazkenean Al-Arabiya telebistari adierazi dionez.

Alkateak azaldu duenez, kalkuluok Dernako hainbat auzotan izandako kalte izugarriekin egin dituzte; izan ere, hiriaren % 25 suntsitu dute uholdeek. Bestalde, komunikazioen eteteak bilaketa- eta erreskate-lanak zailtzen dituela azpimarratu du agintariak.

Era berean, Al Arabiya telebista-kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, hiriko presa, ibaian gora zegoen beste bat uraren presioaren ondorioz erori eta gutxira lehertu zena, mantentze lanik gabe zegoen 2008tik, herrialdeak bizi duen krisi politikoaren ondorioz.

Herrialdea bi administraziotan zatituta dago; izan ere, Ordezkarien Ganberak amaitutzat eman zuen Abdul Hamid Dbeibe lehen ministroaren agintaldia, 2021eko abenduan presidentetzarako hauteskundeak atzeratzeagatik, eta Fazi Bashaga izendatu zuen kargurako (kargugabetu egin zuten gero, eta Osama Hamadek ordezkatu zuen). Erabaki hori atzerapauso handia izan zen Muamar Gadafi 2011n harrapatu eta hil zutenetik Libia astindu duen gatazka eta ezegonkortasunarekin amaitzeko.

Bilaketa- eta erreskate-lanek aurrera jarraitzen dute hirian eta kaltetutako beste herri batzuetan, Libiako ekialdean; eta 34.000 desplazatu daude uholdeen ondorioz, Migraziorako Nazioarteko Erakundeak (OIM) emandako datuen arabera.

Hichem Chiuat Libia ekialdeko agintarien Abiazio Zibileko ministroak asteazkenean adierazi zuenez, Dernan Mediterraneo itsasoak "dozenaka gorpu" ekartzen ditu etengabe kostaldera.

Daniel ekaitzak herrialdearen ekialdea astindu du —bi gobernu paralelotan zatituta 2022ko hasieratik krisi politiko larri baten ondorioz—, joan den astean Grezian, Bulgarian eta Turkian uholdeak eragin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Hondamendi naturalen biktimak Libia