Mundua -
Ilargia helburu
Laster Ilargira iristekoa den misio espazialak ikusmin handia eragin du Indian
Uztailaren 14an Lurretik aireratu zenetik, Indiako misioak lasterketa espazial modernoa du Errusiako Luna-25 misioarekin. Abuztuaren 11n aireratu zen azken hori, Ilargiaren hego polora iristen lehena izateko asmoz.
Agentziak | EITB Media
Ilargiaren hego poloa esploratzeko helburua duen Chandrayaan-3 misio espazialak Indian sortutako ikusmina areagotu egin da, asteazken honetan aurreikusitako jaitsiera data hurbildu ahala. Babes ugari jaso du misioak, eta askotariko jarduerak antolatu dira etapa erabakigarria zuzenean jarraitzeko.
Gainera, Indiako Espazio Ikerketarako Erakundeak (ISRO) atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, zuzenean emitituko du ilargiratzea, Indiako 18:04an (12:34 GMT).
Uztailaren 14an Lurretik aireratu zenetik, Indiako misioak lasterketa espazial modernoa du Errusiako Luna-25 misioarekin. Abuztuaren 11n aireratu zen azken hori, Ilargiaren hego polora iristen lehena izateko asmoz.
Hala ere, atzo Ilargiaren kontra jo zuen errusiarren zundak, Chandrayaan-3 baino bi egun lehenago ilargiratu nahian, eta horrek bidea erraztu dio indiarren ontziari balentria hori lortzen lehena izateko.
Oraingoan ondo ilargiratuz gero, lurreratze modulu batek eta esploratzaile batek osatutuko duten Indiako zundak esperimentu zientifikoak egingo ditu eta satelitearen konposizio mineralari eta Ilargiaren alde horretako uraren presentziari buruzko datuak bilduko ditu.
Hain zuzen ere, 2008an abiarazitako Indiatik Ilargirako lehen misio espazialak Ilargian uraren ebidentzia zuzena aurkitu zuen, eta datu ugari bildu zituen, sateliteari 3.400 bira baino gehiago eginda, baina ez zen ilargiratu.