Mundua -
Aliantza Atlantikoa
Turkiak Suedia NATOn sartzeko betoa kendu du
Jens Stoltenberg Aliantzaren idazkari nagusiaren arabera, bileran Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak onartu egin du Suedian sartzeko protokoloa lehenbailehen aurkeztea Turkiako Parlamentuan, Ganberan berresteko.
Agentziak | EITB Media
Turkiak Suedia NATOn sartzeko betoa kendu du gaur, Jens Stoltenberg Aliantzako idazkari nagusiak erakundeak Vilniusen egingo duen goi-bilera baino egun bat lehenago emandako prentsaurrekoan adierazi duenez.
Suediako lehen ministro Ulf Kristerssonekin eta Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganekin bilera egin ostean egin ditu adierazpen horiek Stoltenbergek. Orain arte, Suediaren sarrera blokeatu du, Eskandinaviako herrialdeak historikoki terrorista kurduen babesleku izan dela argudiatuta.
Stoltenbergen arabera, bileran Erdoganek onartu egin du Suedian sartzeko protokoloa lehenbailehen aurkeztea Turkiako Parlamentuan, Ganberan berresteko.
Hala ere, azpimarratu du ez dakiela Turkiak zein epetan berretsiko duen Suediaren sarrera.
Hungariak ere ez du Suediaren sarrera berretsi, baina gogorarazi du Budapesteko Gobernuak iraganean ziurtatu zuela ez zela sarrerari argi berdea ematen azkena izango.
Nahiz eta Suediak terrorismoaren aurkako legedia aldatu duen, eta Erdoganek adierazi duen norabide egokian urratsak eman direla, erreparoak ez du etenik izan, eta ez zen espero negoziazioetan jarrera aldatzea.
Vilniusera iritsi baino lehen, Erdoganek kezka sortu zuen Istanbulen esan zuenean Suediak NATOn sartzeko zuen bidea erraztu egingo zela Turkia EBra gehiago hurbiltzeko bidea irekitzen zenean, benetako sarrera-perspektiba batekin.
Vilniusen, Stoltenberg, Erdogan eta Kristerssenen arteko bilera eten egin da, Turkiako presidenteak Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin izandako aldebiko bilera baten ondorioz. Ondoren, Ankararekin lankidetza areagotzeaz hitz egin du Michelek, negoziazioa bideratzeko saiakera batean.
Suediak eta Finlandiak hiru hamarkadako neutraltasun jarrera aldatu zuten, eta, 2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, NATOn sartzea eskatu zuten. Finlandia Aliantzaren 31. kide bihurtu zen 2023ko apirilean.