Mundua -

Hauteskundeak Grezian

Mitsotakisek Grezia "oparoagoa eta bidezkoagoa" agindu du bere garaipenaren ostean

Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak gehiengo osoa lortu du Greziako hauteskundeen errepikapenean.

Kyriakos Mitsotakis, Demokrazia Berria alderdiko burua, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Kyriakos Mitsotakis, Demokrazia Berria alderdiko burua, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Kyriakos Mitsotakis, Demokrazia Berria alderdiko burua, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kyriakos Mitsotakis buruzagi kontserbadoreak Grezia herrialde "oparoago eta bidezkoago" bihurtzeko beharrezkoak diren "erreforma handiak" egingo dituela agindu du.

Botoen % 90 zenbatuta, Mitsotakisen Demokrazia Berria kontserbadoreak botoen % 40,5 lortu ditu, eta Greziako Parlamentuko 300 eserlekuetatik 158, emaitzak oraindik baieztatu gabe badaude ere.

Gauzak horrela, Mitsotakis Greziako lehen ministro izendatuko dute, eta bakarrik gobernatu ahalko du berriro, azken lau urteetan egin duen bezala.

Emaitza beste kolpe bat izan da Syrizaren ezkerreko oposizioarentzat eta, bereziki, Alexis Tsipras gobernuburu ohiarentzat, botoen % 17,8 baino ez baititu lortu (48 eserleku), duela hilabeteko hauteskundeetako emaitzen azpitik.

Horregatik, hain zuzen ere, alderdiaren esku utzi du kargua Tsiprasek, eta "berreraikitze" prozesu bat iragarri du, igandeko hauteskundeetan porrot argia izan ostean. "Ez dago esan beharrik berreraikitze prozesu honetan (SYRIZArena) ni izango naizela afiliatuen epaiketaren mende jartzen lehena", adierazi du Tsiprasek, Greziako telebista publikoak emaitza ofizialen berri eman ostean egindako lehen agerraldian. "Militantziari dei egingo diogu gu guztiok epaitzeko", azpimarratu du.

"Parte hartu dugun hauteskunde-kanpainarik zailena eta politena izan da. Emaitza negatiboa da guretzat, hauteskundeetan porrot handia jaso dugu", aitortu, eta "ziklo historikoaren amaiera" iragarri du Tsiprasek.

Nolanahi ere, emaitza "negatiboa" dela esan du, "batez ere gizartearentzat eta demokraziarentzat", Parlamentuan "ultraeskuineko hiru alderdi" egongo direlako. "Demokrazia Berriaren zuzendaritza da erantzulea", salatu du.

PASOK alderdi sozialdemokrata izan da hauteskunde hauetako hirugarren bozkatuena, botoen % 11,86 eta 32 eserleku jasota.

Maiatzeko hauteskundeak

Maiatzaren 21ean, Demokrazia Berriak garaipen sendoa lortu zuen, botoen % 40 baino gehiago eskuratuta. Hala ere, orduko hitzorduan Syrizako Gobernuak onartutako hauteskunde-sistema aplikatu zen, banaketa proportzionaleko sistema purua ezartzen zuena, eta horrekin hauteskundeak errepikatzea aurreikusi zuten, alderdiek koaliziorik adostu ezean. Hori egin dute azkenean.

Bigarren honetan, sistema berria aplikatu da, Gobernuak bultzatutakoa, Demokrazia Berriarena. Araudi berri horren arabera, boto gehien jasotzen dituen alderdiak 20 eta 50 eserleku arteko hobaria jasoko du, lortutako botoen ehunekoaren araberakoa, eta gainerako aulkiak modu proportzionalean banatuko dira, Heleniarren Kontseilua osatzen duten 300 izendapenak bete arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak