Mundua -

Matxinada Errusian

Wagnerreko mertzenarioak matxinatu dira, eta Errusiak segurtasuna bermatu die kuarteletara itzultzen direnei

Milaka mertzenario matxinatu egin ziren bart Errusiako Gobernuaren aurka, Ukrainian mertzenarioen kanpamendu bati eraso egin izana leporatu ostean. Wagner taldeko buruak, Yevgeni Prigozhinek, Rostoveko errusiar indarren Estatu Nagusia kontrolpean duela ziurtatu du, eta Putinek traidoretzat jo du.

Errusiako soldaduak Rostov hiriko erdigunea blokeatzen Wagnerren mehatxuaren ondorioz. Argazkia: EFE
Errusiako soldaduak Rostov hiriko erdigunea blokeatzen Wagnerren mehatxuaren ondorioz. Argazkia: EFE
Wagner taldea Putinen kontra matxinatu da

01:35

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wagner mertzenario taldea Rostov hirian sartu da azken orduetan, Errusiako hegoaldeko aginte militarraren egoitzan, eta Moskun, berriz, talde horretako buruzagi Yevgeni Prigozhinen kontrako auzi penal bat ireki dute matxinada armatua bultzatzeagatik.

Alde bien arteko tentsioak areagotu egin ziren ostiral arratsaldean, Prigozhinek Errusiako oligarkia eta Defentsa Ministerioa zuzenean salatu zituenean, zehazki Sergei Shoigu, bere aurkaria kontsideratzen duen gizona, Vladimir Putin presidentea Ukraina inbaditzeko engainatu zuelakoan. Ordu batzuk geroago, mertzenarioen erakundeak jakinarazi zuen Errusiako militarrek misilekin eraso egin zutela euren entrenamendu-base bat Ukrainan. Defentsa Ministerioak erabat baztertu zuen akusazioa, "probokazio informatiboa" zela iritzita, eta matxinatutako kideak euren kuarteletara itzultzeko deia egin du gaur, eta segurtasun bermeak emango dizkiela hala egiten dutenei.

"Prigozhinen abentura kriminalera eta matxinada armatu batean parte hartzera eraman zaituztete", adierazi du Defentsak Telegramen argitaratutako ohar batean.

Shoiguk zuzentzen duen departamentuaren arabera, mertzenario asko konturatu dira beren akatsaz, eta laguntza eskatu dute euren kuarteletara bueltatzeko. "Gure laguntza hori eskatu zuten gudari eta komandante guztiei eskaini zaie", ziurtatu du Ministerioak.

Defentsak dei egin die matxinatutako mertzenarioei, 25.000, Prigozhinen arabera, zuhur jokatzera eta ahalik eta azkarren haien ordezkariekin edo legea betearazteko ardura duten erakundeekin harremanetan jartzera.

Prigozhinek Shoigu eta Estatu Nagusiko buru Valeri Gerasimovi leporatzen die 100.000 soldadu errusiar "suntsitu" izana eta bere aginte-estiloarekin "kasu" bat sortu izana Ukrainan. Halaber, ukatu egin du estatu-kolpe saiakera bat, baina Errusiako Fiskaltza Nagusiak prozedura bat ireki du "matxinada armatu bat antolatzeagatik".

Sergei Surovikinek, Ukrainako Tropen Talde Bateratuko komandante laguntzaileak eta Prigozhinek errespetatzen duen bakarrak, atzo gauean esan zuen Wagner taldeak hiribururantz aurrera egin nahi duten zutabeak gelditu eta bere hedapen puntu iraunkorretara itzuli behar duela.

"Errusiari traizioa"

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak traiziotzat jo du larunbat honetan mertzenarioen altxamendua, eta arduradunek egindakoa "ordainduko" dutela adierazi du. "Matxinada militarra antolatu eta prestatu zuenak Errusia traizionatu zuen, eta horregatik erantzungo du", adierazi du telebista publikoak zabaldutako hitzaldi batean.

Wagner Rostoven sartu izana Errusiari ''traizio'' egitea eta ''labankada'' gisa hartu du Putinek
Wagner Rostoven sartu izana Errusiari ''traizio'' egitea eta ''labankada'' gisa hartu du Putinek
Wagner Rostoven sartu izana Errusiari ''traizio'' egitea eta ''labankada'' gisa hartu du Putinek

0:42

Ukrainako gerran taldeak "heroi" gisa egindako lana aitortu ostean, Putinek ohartarazpen gogorra egin du altxamenduan parte hartzen dutenen aurka. "Edozein barne-matxinada mehatxu hilgarria da gure estatuarentzat, guretzat nazio gisa. Kolpe bat da gure nazioaren aurka, gure jendearen aurka. Eta gure ekintzak, aberria mehatxu horretatik babesteko, basatiak izango dira", ohartarazi du.

"Edonor", berretsi du, "traizioaren bidea kontzienteki jarraitu badu, matxinada armatua prestatu badu, xantaiaren eta ekintza terroristen bidea jarraitu badu, zigor saihestezina jasoko du", gaineratu du agintariak.

"Aberria mehatxu horretatik defendatzeko gure ekintzak oso gogorrak izango dira, eta haien arduradunak justiziaren aurrera eramango ditugu", ziurtatu du Errusiako presidenteak. Hala ere, Rostoveko egoera "zaila" dela eta bere indarrak egoera egonkortzen saiatzen ari direla baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra