Mundua -

Tragedia Mediterraneoan

Gutxienez 79 pertsona migratzaile hil dira Greziako kostaldean, arrantza-ontzi bat hondoratuta

Ezbeharra asteazken goizaldean gertatu zen, 30 metroko luzera zuen ontzia irauli zenean, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik. Bertako hedabide batzuen arabera, 400-700 pertsona zihoazen ontzian, Italiara bidean.

Ontziaren hondoratzetik bizirik atera diren pertsonak laguntzen, Kalamatako (Grezia) portuan. EFE
Ontziaren hondoratzetik bizirik atera diren pertsonak laguntzen, Kalamatako (Grezia) portuan.
Ontziaren hondoratzetik bizirik atera diren pertsonak laguntzen, Kalamatako (Grezia) portuan. EFE

1:32

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 79 pertsona migratzaile hil dira asteazken honetan ehunka pertsona zeramatzan arrantza-ontzi bat hondoratuta Jonikoan, Greziako kostaldearen aurrean, Greziako kostazainen bozeramaileak baieztatu duenez. Hala ere, horren arabera, "litekeena da datozen orduotan hildako pertsona gehiago aurkitzea".

Orain arte, 104 pertsona erreskatatu dituzte bizirik, eta horietatik 24 Kalamata hiriko ospitalera eraman dituzte, Atenastik 250 kilometro hego-mendebaldera.

Tokiko komunikabide batzuen arabera, gutxienez 400 pertsona zihoazen 30 metroko luzera duen ontzian; beraz, ehunka pertsona desagertuta egon daitezkeela uste dute. Aitzitik, beste hedabide batzuek 700era igo dute kopuru hori.

Ekaterini Sakellaropoulou Greziako presidentea ezbeharra gertatu bezain pronto joan zen Kalamatara, bertatik bertara jasotzera gertatutakoaren berri, eta buruzagi politikoek bertan behera utzi dituzte hilaren 25eko hauteskundeei begira antolatutako mitinak. Ioannis Sarmas Greziako behin-behineko lehen ministroak, halaber, hiru eguneko dolua ezarri du heriotza horiengatik.

Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Ordezkariaren (ACNUR) Greziako misioak Facebooken duen kontuan argitaratutako ohar batean zabaldu duenez, gertatutakoa "tragedia onartezina" da. Gainera, azpimarratu du heriotza horiek saihestu zitezkeela Mediterraneoan migraziorako bide seguru gehiago ezarri izan balira.

Hamar ontzi, Armadaren fragata bat, helikoptero bat eta Frontex Europar Batasuneko (EB) mugetako agentziaren drone bat aritu dira gau osoan zehar bilaketa eta erreskate lanetan.

Ontzia Libiako ekialdetik abiatu zen Italiara, eta asteazken goizaldean Peloponesoko penintsularen hego-mendebaldean irauli ondoren hondoratu zen, agintarien arabera.

Oraindik ez dakite ontzia zergatik irauli zen zehazki, istripua gertatu zenean baldintza klimatologikoak "onak" baitziren. Hala, litekeena da itsasontzia "karga-aldaketa" baten ondorioz irauli izana, bertan zeuden ehunka pertsona aldi berean alde batetik bestera lekualdatu ondoren.

Erreskate operaziorik ez

Alarm Phone erakundeak Twitter sare sozialean duen kontuan adierazi duenez, alerta bat jaso zuen asteartean arriskuan zegoen ontzi baten inguruan, eta gaineratu du 750 pertsona inguru zihoazela. "Agintariak jakinaren gainean zeuden", azpimarratu du.

Hala, salatu duenez, Grezia eta Europako beste agintari batzuk oso jakitun ziren ontzi horren presentziaz, bazekiten, beraz, "gainkargatuta eta itsas zeharkaldi baterako prestatu gabe" zegoela. Horren berri izan arren, deitoratu du inork ez zuela erreskate operaziorik abiatu.

Bestalde, Greziako kostazainek komunikatu baten bidez asteazkenean adierazi zuten ontzia Frontex erakundeko hegazkin batek eta handik igaro ziren bi ontzik atzeman zutela, "laguntza eskaerarik jaso gabe". "Operazio-aretoak itsasontziari laguntza emateko egindako telefono-deietan ezezko erantzuna jaso zen", ziurtatu dute.

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) Mediterraneoaren ekialdean hildako 48 pertsona migratzaile zituen erregistratuta aurten asteazkenera arte; hala ere, kopuru hori izugarri igoko da azken hondoratze honen hildakoak zenbatu ondoren. 2014tik 2.300 pertsona inguru hil dira eremu horretan, erakundeak jasotako kalkuluen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Grezia Eguneko albisteak Albisteak Mediterraneo itsasoa