Mundua -
Ezbeharra
Dagoeneko 288 pertsona hil dira Indiako ekialdean izandako tren istripuan
Ezbeharra, hiru trenen artekoa izan zen ostiralean, Bahanaga herriko geltokitik gertu, Odisha estatuan dagoen Balasore hirian (India ipar-ekialdeko kostan).
Agentziak | EITB Media
Indiako ekialdean izandako tren istripuan hildakoen eta zaurituen kopuruak gora egin du azken orduotan, eta dagoeneko 288 hildako eta 900 zauritu zenbatu dituzte, horietatik 56 larri daude. Tokiko agintariek azaldu dutenez, erreskate taldeak lanean dihardute, eta India ipar-ekialdeko ospitaleetan artatzen ari dira zaurituak. Bitartean, ikerketa abiatu dute, gertatutakoa argitzeko asmoz.
"Uneotan, erreskate lanetan murgilduta gaude, zaurituei arreta onena ematen eta haien senide eta ingurukoei gure esku dagoen informazioa helarazten", azaldu du Ashwini Vaishnaw Odisha estatuko Trenbide ministroak, istripua jazo den lekutik. Ezbeharra atzo izan zen, ostirala, 19:20 inguruan (13:50 GMT), Bahanaga herriko geltokitik gertu, Odisha estatuan dagoen Balasore hirian (India ipar-ekialdeko kostan).
Tren istripuaren irudietan ikus daitekeenez, hamabost bagoi irauli ziren, eta erreskate taldeak bagoiak mozten saiatzen ari dira, barruan harrapatuta jarraitzen duten pertsonak artatzeko helburuarekin.
Testuinguru horretan, Indiako agintariek 288 hildako zenbatu dituzte azken balantzean, eta larrialdi zerbitzuek 650 zauritu inguru eraman dituzte gertuko ospitaleetara. Gauzak horrela, gutxienez 900 pertsona zauritu dira, Pradeep Jena Odishako idazkari nagusiak azaldu duenez, eta hildakoen kopuruak gora egin dezakeela ohartarazi du.
Sudhanshu Sarangi Odishako suhiltzaileen zerbitzuko zuzendari nagusiaren arabera, bidaiari-tren bat errailetik atera ondoren, iraulitako bagoi batzuk kontrako noranzkoan zihoan beste tren batek jo ditu. Ezbeharra, hiru trenen artekoa izan da: bidaiari-tren bi eta merkantziak garraitzeko beste bat.
Agintariek, oraindik ez dute argitu zerk eragin zuen istripua, baina Shalimar (Kalkuta hirian) eta Chennai (Tamil Nadu hegoaldeko estatuan) hirien arteko ibilbidea egiten ari zen lehen bidaiari-tren batek errailetik atera eta Yeswanthpur (Bengaluru) hiritik Howrah (Kalkuta) hirira zihoan bigarren tren batekin talka egin zuenean gertatu zen istripua.
Indiak 2016tik izan duen tren istripurik larriena da. Orduan herrialdearen iparraldean tren bat errailetik atera zen. Gutxienez 138 pertsona hil eta 200 zauritu ziren, azken urteetako istripu larrienetako batean.
Tren istripuak ohikoak dira Indian. 2020an 13.018 ezbehar gertatu ziren, eta horietan 11.986 pertsona hil ziren eta beste 11.127 zauritu. Istripuen % 70 talkak izan ziren.
Indiako trenbide sarea, 68.000 kilometroko ibilbidearekin, munduko laugarrena da luzeran, Ameriketako Estatu Batuen, Errusiaren eta Txinaren atzetik, 21.650 tren eta 7.349 geltoki ditu herrialde osoan, eta egunero 23 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu.