Mundua -
Jerusalem
Indarkeria areagotu da Israelen eta Palestinan
Turista atzerritar bat hil dute Tel Aviven izandako tiroketa batean, eta bi kolono hil dituzte Zisjordanian izandako eraso batean, Israelek Gaza eta Libanoko hegoaldea bonbardatu ostean. Fededunek otoitz egin ahal izan dute Al Aqsako meskitan.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez lau pertsona hil dira Israelen eta Zisjordanian izandako bi erasotan, Israelen eta Palestinan piztu den tentsioaren hirugarren egunean, Israelgo Polizia Al Aqsa meskitan sartu eta fededunak jipoitu zituenetik. Pertsona bat hil da eta sei zauritu dira Tel Aviven izandako tiroketa batean. Hildakoak 30 urte ditu eta turista atzerritarra da. Ustezko erasotzailea tiroz hil dute.
Bestalde, bi kolono hil dituzte Zisjordanian, tiroketa batean, ustez palestinarrek egindako eraso batean. Bi emakume ziren, horietako bat adingabea. Bien ama larri zaurituta dago. Biek zuten, Israelgoaz gainera, Erresuma Batuko nazionalitatea. "Erresuma Batuak alde guztiei eskatzen die tentsioak gutxitzeko", esan du Atzerri Ministerio britainiarrak komunikatu batean.
Egunean zehar, 100.000 musulman inguruk Ramadaneko hirugarren ostiraleko otoitzak egin dituzte, Jerusalemgo Al Aqsa meskitan, tentsio handiko une batean, bi eguneko liskar eta bonbardaketen ondoren, Israelgo Polizia tenpluan sartu eta fededunak jipoitu eta gero piztuta. Otoitza tentsio handiko une batean gertatu da, Israelgo Polizia meskitan sartu zenean eta Hamasen eta Israelen arteko bonbardaketak hasi zirenean.
Maan agentzia palestinarrak eta The New Arab atariak salatu dutenez, Israelgo Poliziak Fajrreko meskitan otoitz egiteko sartzen ari ziren dozenaka fededuni eraso egin die goizean, 40 urtetik beherakoak esparru sakratuan sartzea eragotzita.
Eguerdiko otoitza egin dutenean, Al Aqsan, ehunka pertsonak Palestinako eta Hamas mugimendu islamistako banderak astindu dituzte, eta bi hildako utzi dituen ustezko erasoa txalotu dute, 'The Times of Israel' egunkariak jakitera eman duenez.
Bestalde, Wafa agentziak jakinarazi du gutxienez hiru gazte palestinar zauritu dituztela Israelgo indarrek Zisjordanian, bi sarekadatan.
Kafr Qasemen, hainbat ibilgailuk su hartu dute eta Daviden izar bat eta "prezio etiketa" eslogana margotu dituzte. Eslogan hori kolono israeldarrek erabiltzen dute palestinarren Israelgo arabiarren aurka.
Gero eta indarkeria gehiago azken 48 orduetan
Goizaldean, Israelgo Armadak Gazan eta Libanon bonbardaketak egin ditu, atzo Gazako Zerrendatik eta Libano hegoaldetik jaurtitako koheteen erantzun gisa. Ordu gutxira, Libanoko Gobernuak iragarri du Nazio Batuen Erakundearen aurrean salatuko duela bere lurraldean Israelek egindako erasoa.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hitzetan, Israelek "bere etsaien aurka" eraso egingo du.
Hamasek, bere aldetik, gogor gaitzetsi ditu Israelgo Defentsa Indarrek ostiral goizaldean Libanon egindako aire erasoak, eta "herrialde arabiar anaien subiranotasuna urratzea" leporatu dio Israeli.