Mundua -

Krisia

Nikaraguak 222 preso politiko espetxetik atera eta kanporatu ditu, tartean apaizak

Cristiana Chamorro da askatu eta kanporatu dutenetako bat, hauteskundeetan Ortegari gailentzeko aukera gehien zuen hautagaia.

Daniel Ortega preso politikoen zerrenda erakusten. Argazkia: Efe
Daniel Ortega preso politikoen zerrenda erakusten. Argazkia: Efe
Daniel Ortega preso politikoen zerrenda erakusten. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nikaraguako agintariek 222 preso politiko askatu eta AEBetara kanporatu dituzte, guztiak kargu publikoetarako edo herritarrek hautatuak izateko eskubidea bizi osorako kendutakoak.

222 preso nikaraguarrak, tartean presidentetzarako hautagai izandako zazpi, "aberriari traizioa egiteagatik" kanporatu dituzte AEBetara, Managuako Apelazio Auzitegiaren ebazpenean agertzen denez.

"Herriaren independentzia, subiranotasuna eta autodeterminazioari kalte egiten dieten ekintzak egiteagatik, eta indarkeriarako, terrorismorako eta ezegonkortasun ekonomikorako deia egiteagatik epaitutako 222 pertsona berehala deportatzeko agindua eman dugu", adierazi du magistratuak Managuan irakurritako ebazpenean.

Gobernu sandinistak kanporatutako preso politiko horien artean dago Cristiana Chamorro, 2021eko azaroko hauteskundeetan Daniel Ortega presidentearen aurkari gogorrena izan behar zena.

Chamorroz gain, hauteskundeetan Ortegak izan zituen aurkari guztiak ere deportatu dituzte: Arturo Cruz, Felix Maradiaga, Juan Sebastian Chamorro, Miguel Mora, Medardo Mairena eta Noel Vidaurre.

"Aberriari traizioa" egiteagatik 10 urteko kartzela-zigorra jaso zuten bost abade katoliko ere bidali dituzte AEBetara.

Juan Lorenzo Holmann Chamorro La Prensa egunkariaren gerentea, Lesther Aleman eta Max Jerez ikasleen ordezkariak, eta Dora Maria Tellez gerrillari disidente historikoa ere 222 horietako batzuk dira.

Amerikako Estatuen Erakundeak presoen eskubideak berrezartzeko eskatu zion Ortegaren Gobernuari, eta Europar Batasuna gustura agertu da preso politikoak behintzat aske daudelako, nahiz eta aitortu ez dela nahikoa eta elkarrizketari ekin beharko liokeela.

Nikaraguan krisi politiko eta sozial gogorra bizi dute 2018ko apiriletik, eta larritu egin zen egoera 2021eko azaroaren 7ko hauteskundeen ostean, Ortegak bosgarren agintaldia lortu zuenean, bere aurkarik preso edo erbestean zeudelako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Nikaragua Giza eskubideak