Mundua -
krisi klimatikoa
EB "atsekabetuta" agertu da COP27ko akordio klimatikoaren aurrean
Nazio Batuen Klima Aldaketaren Biltzarrak funts berezi bat sortzea onartu du igande honetan, klima aldaketarekiko kalteberak diren herrialdeetako kalteak estaltzeko.
agentziak | eitb media
Nazio Batuen Klima Aldaketaren Biltzarrak igande honetan hartutako ebazpenaren bidez, funts berri bat sortzea aurreikusi da, berotze globalaren ondorioz herrialde ahulenek jasaten dituzten kalte klimatikoak finantzatzeko. Garaipenik handiena da, askorentzat motz geratu den gailur batean, erregai fosilen erabilera murrizteko bide orri bat birdefinitzeko garaian.
Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboa "atsekabetuta" agertu da, ez dutelako lortu "hizkera indartsu bat" erabiltzea goizaldean amaitu den COP27 klimaren goi bileraren azken testuan.
Igande honetan Sharm el Sheikhen onartutako Inplementazio Planak herrialdeei eskatzen die ikatzaren bidez energiaren sorrera pixkanaka murrizteko (karbonoa harrapatzeko teknologiarik ez duten instalazioetan) eta erregai fosilentzako sorospen ez eraginkorrak pixkanaka alde batera uzteko. Glasgowko (COP26) testuan ere jasota zegoen eskaera hori.
Testuan islatu denez, herrialdeek adostasun bat ezarri dute finantza baliabide "berriak, gehigarriak, aurreikusteko modukoak eta egokiak" emateko "berehalako premiari" dagokionez, klima aldaketaren eragin "ekonomiko eta ez ekonomikoei" dagokienez egoera ahulean edo garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko.
Amaiera ekitaldian, Timmermansek argi utzi nahi izan du plan hori ez dela "aurrerapauso nahikoa pertsonentzat eta planetarentzat", eta Glasgowtik "abiadura handia" galdu dutela deitoratu du. "Denbora asko galdu dugu, eta gure jendeak eta gure planetak ez dute denbora gehiago galtzeko".
Bestalde, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du COP27an adostutakoak "justizia klimatikorantz pauso txiki bat" suposatzen duela, baina ohartarazi du "askoz gehiago" behar duela planetak.
"COP27ak bizirik mantendu du 1,5 graduen jomuga. Hala ere, zoritxarrez, ez du bete munduko igorle nagusien erregai fosilak apurka apurka murrizteko konpromisoa, ezta mitigazio klimatikoari buruzko konpromiso berriak ere", deitoratu du Von der Leyenek ohar batean.
"Sintometako batzuk tratatu ditugu baina ez diogu pazienteari sukarra sendatu", esan du.
1,5 ºCen arazoa
Akordio horren arazorik handiena izan da estatu mailan zehaztutako ekarpenak eguneratzea (NDC, ingelesezko sigletan), Parisko Akordioaren berotze globala mugatzeko helburua lortzeko.
Parisen (2015), tenperaturaren gehienezko igoera 2 ºC eta 1,5 °C artekoa izatea ezarri zen, baina, nazioarteko komunitatearen txosten zientifiko kezkagarrien ondoren, gehienez 1,5 °Cra mugatzeaz eta zifra hori lortzeko helburuak urtero berrikusteaz hitz egiten da orain.
Hitz onak, akordio gutxi
Aurten, ohiko zailtasunei egoera larriagotu duten bi faktore gehitu zaizkie: Errusiak Ukrainarekin duen gatazka armatua areagotzea eta horren inguruan sortutako energia eta oinarrizko produktuen krisia.
Marko orokor horrek azaleratu egiten du Nazio Batuen Klima Aldaketaren Biltzarreko Alderdien Konferentzia horretan parte hartzen dutenen klima anbizio mugatua, aurreko edizioen aldean.
Galerei eta kalteei buruzko akordioaren inguruko negoziazio latzak alde batera utzita, COP27 honetako hitzarmenik deigarrienak aurreko edizioetan maigaineratutakoen hedapenak dira.
Goi bilerak herrialde parte hartzaileen konpromiso partikularrak eta aliantza txikiagoak ere ekarri ditu, eragin nabarmena izan dezaketenak, hala nola Kolonbiak eta Venezuelak Amazoniako baso soiltzearen aurkako funts bat eratzeko egindako proposamena.
Azkenean, klimaren gailurren emaitzei buruzko kexa orokorra berdina izaten da beti: hitz on asko, gertaera on gutxi.