Mundua -

Hauteskundeak AEB-n

Bidenek uste du ez dela "olatu gorririk" izan, eta Trumpen hitzetan, emaitza "nahiko etsigarria" da

"Uste dut egun ona izan dela demokraziarentzat eta AEBrentzat", esan du presidente estatubatuarrak Etxe Zurian. Iragarri duenez, berriro aurkeztuko da Presidentetzara.

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak agintaldi erdiko hauteskundeetarako kanpainan erakutsitako baikortasuna aldarrikatu du, eta, inkesta eta aditu batzuek aurreikusi ez bezala, Alderdi Errepublikanoaren "olatu gorririk" ez dela izan uste du.

"Uste dut egun ona izan dela demokraziarentzat eta AEBrentzat", esan du Bidenek Etxe Zurian astearteko hauteskundeen ostean emandako prentsaurrekoan. Bertan, hedabideen inkestek emaitza oso estuak ematen dituzte demokratentzat eta errepublikanoentzat Kongresuko bi ganberetan, nahiz eta kontserbadoreek abantaila txiki bat izan.

Iragarri duenez, 2024ko Presidentetza hauteskundeetara berriro aurkezteko asmoa du, baina ofizialki, 2023 hasieran jakinaraziko du. Dena dela, aitortu du "erabaki familiarra" dela, eta Trumpek egiten duena gorabehera, denbora hartuko duela hausnartzeko.

Edonola ere, Trump berriro hautagai bada, eginahalak eta bi egingo dituela esan du kontserbadorea Etxe Zurira hel ez dadin.

Bestalde, Donald Trump AEBko presidente ohiak esan du hauteskundeen emaitza "nahiko etsigarria" izan dela, baina nabarmendu du arrakasta pertsonala izan duela. "Atzoko hauteskundeak, nolabait, nahiko etsigarriak izan ziren, baina nire ikuspuntutik garaipen handia izan zen. 219 GARAIPEN eta 16 porrot, oro har. Nork egin du inoiz hobeto?", adierazi du Trumpek Truth Social sare sozialean argitaratutako mezu batean.

Alderdi Errepublikanoa Ordezkarien Ganberan gehiengoa berreskuratzetik gertu dago, baina Senatuko emaitza erabakitzeke dago oraindik, inkestek eta adituek errepublikanoen "olatu" gisa iragartzen zutenetik urrun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden