Mundua -
EGIPTO
Europar Batasunak konpromiso klimatikoak eta krisi energetikoak uztartzeko erronka du klimaren goi bileran
COP27 NBEren klimari buruzko goi bileran, Europar Batasunak "ahal den guztia" egin nahi du mendearen amaieran Lurra 1,5 gradu baino gehiago berotu ez dadin.
AGENTZIAK | EITB Media
Egipton egiten ari diren NBEren klimari buruzko goi bileran, Europar Batasunak erronka nagusi bat izango du: konpromiso klimatikoei eutsiz krisi energetikoari aurre egitea, hain zuzen ere. Ukrainako gerra hasi zenetik, Europar Batasuna erregai fosilen hornitzaile berrien bila ari da. Aldi berean, Parisko Akordioan jasotako konpromisoak betetzeko araudiak onartu nahian ari da.
Goi bilera horretan, Europar Batasunak "ahal den guztia" egin nahi du mendearen amaieran Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko. Hainbat zientzialarik kontrakoa dioten arren, EBko iturriek uste dute helburu hori oraindik ere lor daitekeela.
Europar Batasuna ere saiatuko da klima aldaketaren ondorioak arintzen, eta "galerei eta kalteei" aurre egiteko "irtenbide eraginkorrak" bilatzen. Halaber, klima aldaketaren ondorio larrienak jasaten dituzten herrialde txiroenei kalte-ordainak handitu nahi dizkie. Helburua urteko 100.000 milioi dolarrera iristea da.
Energiaren Nazioarteko Agentziak uztailean egindako kalkuluen arabera, Europar Batasunak aurten iaz baino % 7 ikatz gehiago erreko du, 2021ean hazkundea % 14koa izan zela kontuan hartuta. Horrez gain, Errusiako gasarekiko duen menpekotasuna gutxitzen ari da: Ukrainako gerra hasi aurretik % 40koa zen; orain, % 9koa. Errusiari erosten ez diona Ameriketako Estatu Batuei, Norvegiari eta Aljeriari erosten dio orain. Hornikuntza bermatzeko epe laburrean hartu beharreko neurriak direla defendatu du Europar Batasunak. Dena dela, onartu du hamarkada honen erdian "galdutako denbora" berreskuratu egin beharko dela.
Europako Batzordeak "Fit For 55" plana aurkeztu zuen 2021eko uztailean, besteak beste, hamarkadaren amaierarako berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa % 55 murriztea helburu duena. Egitasmoa argitaratu zenetik akordio bakarra lortu dute Europako Parlamentuak eta estatu kideek, 2035etik aurrera salduko diren guztiak isuririk gabekoak izango direla, alegia.