Mundua -

Europako Erkidego Politikoa

44 herrialdek bloke politiko berria eratu dute Europan, Errusia bakartuta

Europar Batasunak eta beste herrialde aliatu batzuek (tartean Erresuma Batua eta Norvegia) Europako Erkidego Politikoa izeneko blokea sortu dute, eta lehen aldiz bildu dira.

Von der Leyen, goi bilerara iritsi denean. Argazkia: EFE.
Von der Leyen, goi bilerara iritsi denean
44 gobernuburuk martxan jarri dute Europako Erkidego Politiko berria

01:19

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako 44 herrialdetako Estatuburuek eta Gobernuburuek topaketa izan dute Pragan (Txekia), Europako Erkidego Politikoa izenekoaren lehen goi bileran. Batzarrean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteazkenean egindako proposamena eztabaidatu dute, alegia, gasaren prezioa mugatzeko "ibilbide orri berria" ezarri behar den ala ez.

Europar Batasuneko Estatuburuez eta Gobernuburuez gain, Balkanetako sei herrialdetako ordezkariak joan dira (Albania, Ipar Mazedonia, Kosovo, Serbia, Bosnia-Herzegovina eta Montenegro), baita Erresuma Batukoa, Norvegiakoa, Suitzakoa, Islandiakoa eta Liechtensteingoa ere. Ukraina eta Moldavia ere izan dira, hautagai estatusa baitute, bai eta Georgia, Armenia eta Azerbaijan ere. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik modu telematikoan parte hartu du.

Hain zuzen ere, Belgikako lehen ministro Alexander de Crook nabarmendu du Errusia eta Bielorrusia ez daudela goi bileran. Horrek, esan duenez, erakusten du kontinenteko gainerako herrialdeetatik aldenduta daudela.

Erkidego berri hau gauzatzeko ideia Frantziako presidente Emmanuel Macronek izan zuen, eta gerora, Europar Batasuneko gainerako kideen oniritzia jaso zuen. Azpimarratu dute ez dela handiagotze prozesuaren integrazio prozesu paraleloa, baizik eta "gobernuarteko prozesu bat". Denek dute garrantzi bera, horretan.

Lanak arintzeko, 44 liderrak lau taldetan ibili dira. Horietako bi bakearen eta segurtasunaren gainekoak izan dira, eta beste biak, aldiz, energiaren, klimaren eta egoera ekonomikoaren gainekoak. Nolanahi ere, Ukrainako gerra eta Europak azken 50 urteotan jasandako energia krisirik handienak izan dituzte hizpide bereziki.

Gasaren gaineko mugari buruzko adostasunik ez

Von der Leyenek ibilbide orria proposatu du, eta bertan lau ideia-bloke daude: lehenik eta behin, Norvegia eta Ameriketako Estatu Batuak bezalako konfiantzazko hornitzaileekin jarraitzea prezioak negoziatzen, eta, halaber, Europar Batasunean elkarren arteko gas-erosketak egiteari eustea. Hala, gas natural likidotuaren prezioak ez dira altuagoak izango, herrialdeen arteko lehiagatik.

Bigarrenez, Batzordeko presidenteak proposatu du "iberiar salbuespena" Europar Batasun osora hedatzea. Horren bidez, Espainian eta Portugalen, argindarrean ez du eraginik izan gasaren garestitzeak, merkatu elektrikoaren erreforma nabarmena prestatzen ari diren bitartean.

Kide diren 15 Estatuk, tartean Frantziak, Italiak, Espainiak, Poloniak, Belgikak, Esloveniak, Portugalek edo Greziak, asteak daramatzate presioa egiten Europar Batasunak gehieneko prezioa jartzeko gas inportazio guztiei, eta, bide batez, gasaren prezioa ezartzeko Europar Batasunean erreferentzia den indizea erreformatzeko; Amsterdameko TTFa, alegia. Von der Leyenek uste du beharrezkoa dela TTF indizeak alternatiba izatea, eta hori lotu du balizko prezio maximo batekin, gaserako, diseinatzen ari diren bitartean. Herbehereek, Alemaniak eta Europako Iparraldeko herrialdeek gaitzetsi egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra