Mundua -

Gerra Ukrainan

Europako Batzordeak Errusiako petrolioari gehieneko prezioa ezartzea proposatu du

Bruselak asteazkenean mahaigaineratutako zigorretako bat da. Horrez gain, Europako Batzordeak debekatu nahi du europar herritarrek Errusiako enpresa publikoetako administrazio kontseiluetako kideak izan ahal izatea.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, asteazken honetan. Argazkia: EFE.
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, asteazken honetan. Argazkia: EFE.
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen, asteazken honetan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Errusiaren aurkako zigor sorta proposatu du asteazkenean, hain zuzen Ukrainako inbasioa hasi zenetik zortzigarren sorta, eta, besteak beste, mahaigaineratu du Europar Batasunak Errusiari inportatzen dion petrolioari gehieneko prezioa ezartzea; halaber, Europako Batzordeak debekatu nahi du europar herritarrek Errusiako enpresa publikoetako administrazio kontseiluetako kideak izan ahal izatea.

Petrolioaren prezioari muga jartzea G7ak adostutako akordioaren ildo beretik doa, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek neurriak aurkezteko emandako prentsaurrekoan esan duenez.

Europako Batzordeko herritarrentzako debekua, alegia, errusiar enpresa publikoetako administrazio kontseiluetan ez egoteko aukera, Gerard Schroder alemaniar kantziler ohiaren kasua bezalakorik ez egoteko pentsatu dute; izan ere, Schroderrek Gazpromerako lan egin zuen.

"Errusiak ezin du onurarik atera europar ezagutzaren eta europar adituen aldetik", adierazi du Von der Leyenek.

Batzordeko presidenteak aldeztu du neurriak hartzea, eta argudiatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak aurreko astean dekretatutako mobilizazio partziala; gogora ekarri du, halaber, Putinek mehatxatu zuela arma nuklearrak erabiltzeko aukerarekin, eta erreferendumak ari direla egiten Ukrainako ekialdean eta hegoaldean: "Joan den astean, Errusiak beste maila batera eraman zuen Ukrainako inbasioa. Errusiak okupatutako erreferendum faltsuak lurraldea eskuratzeko legez kanpoko ahalegina dira, nazioarteko mugak indarra erabilita aldatzeko", esan du Von der Leyenek.

"Mobilizazioa eta Putinen mehatxua pauso gehigarriak dira, eskalada honetan", jarraitu du, eta ziurtatu du Europar Batasunak erabakita duela "Kremlinek hau dena bere gain hartzea". Von der Leyenen esanetan, asteazkenean iragarritako zigorren bidez, Errusia 7.000 milioi euroko sarrera gehigarririk gabe geratuko da.

Errusiako petroliorako muga G7ko liderrek adostutako akordioaren ildotik doa; hain zuzen, asmoa da Errusiako petrolioa eta horren eratorriak soilik baimentzea baldin eta produktuak prezio jakin batetik behera saltzen badira. Europar Batasuneko herrialdeek abenduaren 5ean utziko diote errusiar petrolioa gasbidez inportatzeari, "baina garapen bidean dauden herrialde batzuek oraindik ere behar dute errusiar petrolioa, prezio baxuetan", azaldu du EBko Gobernuko buruak.

Neurri horrek, "alde batetik, Errusiako diru-sarrerak murrizten lagunduko du; gainera, mundu mailako energia merkatua egonkor jarraituko du".

Batzordeak, gainera, proposatu du produktu gehiagok izatea Errusiara esportatzeko debekua, herrialde horrek ez izateko "teknologia gakorik"; adibidez, hegazkintza, edo osagai elektronikoak edo kimikoak. Errusiako oinarri ekonomikoa eta modernizatzeko ahalmena murriztuko du horrek.

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerriko Goi Ordezkariak, bere aldetik, azaldu du proposatu dutela handitzea Ukrainako inbasioa babestu edo erraztu duten pertsonen zerrenda, bai eta inbasioaren bidez onura lortzen ari direnena ere. Besteak beste, proposamena da zerrendan sartzea Donetsken, Luhansken, Jersonen eta Zaporizhian ordezkari dabiltzan errusiar agintariak, eta erreferendumak antolatu dituzten beste herritar errusiar ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Europar Batasuna Ukraina Errusia berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Petrolioa Errusia-Ukraina gerra