Mundua -

NEURRI ENERGETIKOAK

Krisi energetikoari aurre egiteko, 140.000 milioi euro baino gehiago biltzea aurreikusi du Bruselak

Europako konpainia elektrikoen diru sarrerak mugatzea eta petrolio enpresen ezohiko mozkinak zergapetzea proposatu du, besteak beste, Ursula von der Leyenek.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako konpainia elektrikoen diru sarrerak mugatzea eta petrolio enpresen ezohiko mozkinak zergapetzea proposatu du, 140.000 milioi eurotik gora biltzeko asmoz.

"Estatu kideek kolpea moteldu dezaten, neurriokin 140.000 milioi euro baino gehiago bilduko ditugu", azaldu du Von der Leyenek Europako Parlamentuan, Batasuneko Estatuaren hitzaldian.

Enpresek energia berriztagarrien, nuklearren eta lignitoen bidez elektrizitatea sortzegatik jasotzen duten diruari muga bat jartzeko asmoa du Batzordeak, baita energiaren prezio neurrigabeari probetxu atera dioten petrolio, gas eta ikatz enpresei "ekarpen solidarioa" exijitzeko asmoa ere.

Gainera, estatu kideek elektrizitatearen % 10 aurreztu dezatela nahi du Batzordeak, eta gutxienez, % 5 eskari handiko orduetan. Neurri horiek guztiak irailaren 30ean EBko herrialdeetako Energia ministroekin egingo den ezohiko bilera batean ixtea aurreikusten da.

Espainiako Diputatuen Kongresuak, berriz, argi berdea eman zion atzo energia handiei ezarritako zerga berriak izapidetzeari: "Ezohiko garaiek aparteko ahaleginak eskatzen dituzte", azaldu zuen Patricia Blanquer PSOEko bozeramaile fiskalak. Hala, esan zuen inflazioak "irabazleak eta galtzaileak" ere sortzen dituela, eta "bidezkoa" dela orain esfortzu bat eskatzea.

Gehiengoak babestu zuen PSOEk eta Unidas Podemosek egindako proposamena, Vox-ek izan ezik. EAJk eta EH Bilduk tramitazioa babestu dute, baina EAEn eta Nafarroan aplikatzeko akordio bat eskatu dute. Are gehiago, bestela, jeltzaleek bide legaletik zerga atzera botatzeko aukeraz ohartarazi dute.

Gaur goizean, Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Euskadi Irratian ziurtatu du banketxeei ezartzekoa zaien zergaren figura juridikoak bidea "zailduko" diela EAEko ogasunei eta bi gobernuak zerga hori euskal ogasunek biltzeko aukera aztertzen ari direla: "Gobernuaren aldetik borondatea badago, bidera genezake". Transferentzien harira ere, "hurrengo hilabeteetan aurrerapausoren bat" emango dela dio.

"Zigorrak geratzeko daude"

Bestalde, Europako Batzordeko presidenteak Europar Batasunari eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidentearekin pultsua mantentzeko; izan ere, Ukraina inbaditzeagatik Europak jarritako zigorrek Errusiako ekonomian eragina dutela eta "geratzeko etorri direla" adierazi du.

"Argi utzi nahi dut; zigorrak hemen geratzeko daude", adierazi du, eta hogeita zazpien estatu kideen arteko batasuna mantentzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia iturriak gaur