Mundua -
Energia
Von der Leyenek Errusiako gasaren prezioari muga bat jartzea proposatu du
Errusiak, bere aldetik, gas hornidura etengo duela ohartarazi du, EBk bere prezioa mugatzea erabakitzen badu.
Agentziak | EITB Media
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiako gasaren prezioari muga bat ezartzea eskatu du, argindarraren salneurria kontrolpean izateko helburuarekin, merkatu elektrikoaren premiazko esku-hartze neurri gisa. Gainera, epe ertainean gasaren prezioa elektrizitatearenetik bereizi nahi du.
"Europara esportatutako gas errusiarraren prezioari muga bat ezartzeko garaia dela uste dut", azpimarratu du EBko Exekutiboko buruak, CDU bere alderdiak Alemanian egin duen ekitaldi batean.
Argiaren prezioen igoera geldiarazteko tresnen artean, merkatu elektrikoaren diseinua aipatu du, eta adibide gisa jarri du "gasaren prezioa elektrizitatearen kostutik bereizteko" aukera, energia berriztagarrietan "inbertsio masiboak" egiteaz gain.
Von der Leyenek energiaren eskaria murrizteko beharra azpimarratu du, nazioarteko merkatuen eskasia dela eta. "Energia aurreztu behar da, modu adimentsuan, bereziki eskari handieneko uneetan, gas horren beharrik ez izateko", adierazi du.
Era berean, politikari alemaniarrak elektrizitatea ekoizten duten enpresen gehiegizko etekinak aipatu ditu, eta ziurtatu du bermatu behar dela funts horiek "diru-sarrera txikiak dituzten pertsonei eta elektrizitate garestiagatik ahulak diren negozioei" laguntzeko balioko dutela.
Neurri horiek guztiak Europako Energia ministroek irailaren 9an egingo duten premiazko bileran eztabaidatuko dituzte. Prezioen gorakada geldiarazteko merkatuan esku hartzeko moduak izango dituzte mahaigainean.
Errusiak hornidura etengo duela erantzun du
Von der Leyenen hitzen ondoren, Errusiak ohartarazi du gas hornidura etengo duela EBk bere prezioa mugatzea erabakitzen badu. "Petrolioarekin bezala izango da. Europan ez da gas errusiarrik egongo", ziurtatu du Dimitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko buruak.
Egun berean, G7ak akordioa lortu du Errusiatik datorren petrolioaren prezioa eta produktu eratorriena mugatzeko.