Mundua -
ukrainako gerra
Errusiar petrolioaren prezioa mugatzea adostu du G7ak
Errusiar jatorriko produktuen itsas bideko garraioa baimentzen duten zerbitzuen debekuaren bitartez ezarriko dute mugaketa.
agentziak | eitb media
Errusiar petrolioari eta bestelako produktu eratorriei prezioa mugatzea adostu dute ostiral honetan Zazpien Taldea (G7) osatzen duten herrialdeek, Finantza ministroen bileraren ostean argitaratutako oharraren arabera.
Modu eraginkorrean egingo dute prezio mugaketa, errusiar jatorriko produktuen itsas bideko garraioa baimentzen duten zerbitzuak debekatuz. Hala, koalizioak zehaztutako prezio berdinean edo urriagoan erostekotan bakarrik eskaini ahal izango dira zerbitzu horiek.
Igorritako oharrean, G7ko nazioetako Finantza ministroek ez dute prezioaren mugarik zehaztu; xehetasun tekniko sorta baten arabera erabakiko dute zifra hori. "Prezioen muga publikoki jakinaraziko dugu, argi eta garden", adierazi du G7ak. Gainera, prezio horiek berrikusi egingo dira, hala behar izatekotan.
AEBk, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Kanadak, Alemaniak eta Japoniak osatzen duten taldeak, Europar Batasuna ere gonbidatu dela, adierazi du Errusiaren diru-sarrerak eta gerra diruztatzeko ahalmena murrizteko "bereziki diseinatu" dutela neurria, era berean energiaren prezio globalen eragina ere mugatuko duelarik.
Dena den, Alexander Novak Errusiako lehen ministro ordeak ostegunean ohartarazi zuenez, Errusiak ez du petroliorik esportatuko prezio mugaketa horri atxikitzen zaizkion herrialdeetara.
Europar Batasunak, bestalde, neurriarekiko babesa azaldu du, azken hilabeteetan onartu izan dituen zigor sortak indartzen ditu eta.
Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuen arabera, martxoa eta uztaila bitarte 95.000 milioi dolar (94.870 euro) eskuratu zituen Errusiak Europar Batasunera egindako petrolio eta gas bidalketekin soilik, aurreko urteetan irabazitakoaren ia bikoitza.