Mundua -
Krisi diplomatikoa
Bruselak atzera egiteko eskatu dio Aljeriari, eta alde bien arteko elkarrizketa aldarrikatu du
Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramailearen ustez, Aljeriak duela ia bi hamarkada Espainiarekin adostuta zeukan adiskidantza ituna bertan behera uztea "oso kezkagarria" da.
Agentziak | EITB MEDIA
Europako Batzordeak (EB) atzera egiteko eskatu dio Aljeriari, horrek Espainiarekin zuen adiskidantza ituna bertan behera utzi eta biharamunean. Bruselaren ustez, Madrilek eta Aljerrek elkarrizketaren bidez konpondu beharko lituzkete euren desadostasunak.
"Aljeriari atzera egiteko dei egiten diogu", esan du Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak erakundeak egunero egin ohi duen agerraldian. Mameren esanetan, erabakia "oso kezkagarria" da.
Bestalde, Nabila Massrali EBko Atzerri Arazoetako bozeramaileak gogorarazi duenez, Aljeria "Europar Batasunaren bazkide garrantzitsua da" Mediterraneoan, baita "eskualdean egonkor mantentzeko gako" ere.
"Erabaki horren eragina aztertzen ari gara, eta elkarrizketa eta bide diplomatikoak lantzen", azaldu du Massralik. Aurreratu duenez, Espainiarekin lanean ari dira "egungo desadostasunei konponbidea topatzeko".
Duela ia bi hamarkada Espainiarekin adostutako adiskidantza ituna bertan behera uzteko agindua eman zuen atzo Abdelmayid Tebune Aljeriako presidenteak, Mendebaldeko Saharan Madrilek Marokoren autonomia planari babes "bidegabea" tarteko.