Mundua -
Ukrainako gerra
EBk ez du Eliza Ortodoxoko buruzagia zigortuko, Hungariak Errusiaren aurkako neurriei betoa altxatzeko
Europak Kirill patriarka zigortzea saihestea lortu du Hungariak. Bruselak Budapesten aurrean amore ematen duen bigarren aldia da, Viktor Orbanen Gobernuak Errusiaren petrolioari ezarri beharreko blokeoa mugatzea lortu ondoren.
Agentziak | EiTB Media
Europak Kirill patriarka zigortzea saihestea lortu du Hungariak ostegun honetan. Seigarren zigor sorta desblokeatzeko baldintza hori onartu dute Europar Batasuneko 27 kideek. Errusiaren petrolioari blokeo partziala ezarriko diote, baina azkenean ez dute buruzagi erlijiosoa zigortuko.
Enbaxadoreen bileran, 27 kideek zigor sorta berria onartu dute, baina Budapesten baldintzak onartuz; izan ere, azkenean ez dute Eliza Ortodoxoaren ordezkari nagusia 'zerrenda beltzean' sartuko.
Enbaxadoreen oniritzia lortu ondoren, erabakiak prozedura idatzia bete behar du datozen orduetan, 27 kideek formalki onartzeko, indarrean sartzeko EBren Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen.
Hungariak baldintzari eutsi dio, nahiz eta estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilerak iragan astelehenean zigor sorta guztia onartu, Eliza Ortodoxoko ordezkaria zigortzea barne.
Lehen lorpena
Bruselak Budapesten aurrean amore ematen duen bigarren aldia da, Viktor Orbanen Gobernuak Errusiaren petrolioari ezarri beharreko blokeoa mugatzea lortu ondoren. Horrela, itsasotik heltzen den petrolioari bakarrik ezarriko diote blokeoa.
Europako Batzordearen arabera, Errusiako petrolioaren bi hereni berehala blokeoa ezarriko diote, baina Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak oliobideen bitartez hornidura jasotzen jarraituko dute.
Seigarren zigor sortak 'zerrenda beltzean' sartuko ditu Errusiako buruzagi militar gehiago, esaterako, Butxako sarraskiaren atzean daudenak, baita oligarka eta Vladimir Putin presidentearen senide gehiago ere.
Era berean, Sberbank Errusiako banku nagusia eta beste hiru entitate Swift finantza komunikazio sistematik at utziko dituzte, horietako bi errusiarrak eta hirugarrena bielorrusiarra.
Azkenik, Errusiako zenbait komunikabideren emanaldiak etengo dituzte, eta Moskura produktu kimikoak eta teknologikoak esportatzeko debekua zabalduko dute.