Mundua -

ameriketako estatu batuak

Milaka pertsona atera dira Houstonen, arma-lobbyaren biltzarraren aurka

Houstoneko (Texas) biltzarretarako gunearen kanpoaldean egindako elkarretaratze batek Erriflearen Elkarte Nazionalaren urteroko biltzarra salatu du, asteartean ikastetxe batean gertatutako tiroketaren ostean.

Armen aurkako protesta, Houstonen. Argazkia: EITB Media
Armen aurkako protesta, Houstonen. Argazkia: EITB Media
Armen aurkako protesta, Houstonen. Argazkia: EITB Media

0:29

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Houstoneko (Texas, AEB) biltzarretarako gunearen inguruetan, Erriflearen Elkarte Nazionalaren (NRA, ingelesez) urteroko biltzarraren aurka, asteartean estatu horretako eskola batean izandako tiroketaren ostean.

Bertaratutakoek kartelak eraman dituzte, hurrengo mezuekin: "Debekatu orain eraso errifleak", "Noiz maitatuko dituzue seme-alabak suzko armak baino gehiago?", edo "Eraso errifleak hiltzeko dira".

Gainera, kartel ugaritan Donald Trump (2017-2021) estatubatuar presidente ohiaren aurkako mezuak irakur zitezkeen. Izan ere, ostiral honetan NRAren biltzarrean agerraldia egitekoa da, Ted Cruz Texaseko senatari errepublikanoarekin eta Greg Abbott Texaseko gobernadore kontserbadorearekin batera.

Ostiraletik igandera Houstoneko George R. Brown gunean izango den ekitaldiarekin jarraitzea erabaki du NRAk, bertan behera uzteko eskaerak gorabehera, asteartean Uvaldeko (Texas) eskola batean izandako tiroketaren ostean. 18 urteko gazte batek 19 ume eta bi irakasle hil zituen.

Abbottek ostiral honetan iragarri duenez, azkenean ez du NRAren biltzarrean parte hartuko, baina politikariak aurretiaz grabatutako bideo bat proiektatuko dute, bertaratutakoei hitz batzuk eskaintzeko.

Ostegunean, Don McAlean, Larry Gatlin eta Larry Stewart country musikariek ere bertan behera utzi zituzten asteburu honetan NRAren biltzarrean egin behar zituzten emanaldiak.

NRAren urteroko biltzarra suzko armen aldeko presio talde horren bilerarik handiena da eta, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, bi urteren ostean lehen aldiz ospatuko dute.

Politika Arduratsu baterako Zentroak kudeatzen duen Open Secrets datu-basearen arabera, NRAk Kongresuko ehunka kideren kanpaina politikoen finantzazioan lagundu du, demokratak zein errepublikanoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak