Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak gas hornidura eten die Poloniari eta Bulgariari

Gazprom gas konpainia errusiarraren arabera, Europar Batasuneko bi herrialde horiek gasa errublotan ordaintzea baztertu dute. Bulgariak eta Poloniak berehalako efektuak baztertu dituzte.

Gazprom gas konpainia errusiarraren logotipoa. Argazkia: EFE
Gazprom gas konpainia errusiarraren logotipoa
Gazprom gas konpainia errusiarraren logotipoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazprom gas konpainia errusiarrak baieztatu du "erabat" eten duela Poloniarako eta Bulgariarako gas-hornidura, errubloetan ordaintzeari uko egin baitiote, Errusiako Estatuaren kontrolpeko enpresak Telegramen duen kontuan zabaldutako ohar batean adierazi duenez.

PNGiG Poloniako gas enpresa nazionalaren esanetan, erabaki horrek bi herrialdeen arteko kontratua urratu egiten du, eta, ondorioz, erreklamazioa aurkeztuko duela iragarri du. Edozein kasutan, Anna Moskwa Poloniako Klima eta Ingurumen ministroak albistearen berri izan baino lehen adierazi duenez, herrialdearen "segurtasuna" babesteko "beharrezko gas erreserbak ditu" Poloniak. "Poloniako etxeetan gasa egongo da", azpimarratu du sare sozialetan argitaratu duen mezu batean.

Bestalde, Bulgariako Gobernuaren hitzetan, gas hornidura "bermatuta" dago eta "herrialdeko segurtasun energetikoa ez dago arriskuan".

Alexander Nikolov Bulgariako Energia ministroak gas naturala Errusiaren zerbitzura dagoen "arma politiko eta ekonomiko" bihurtu izana deitoratu du, Ukrainaren inbasioagatik zigorrak ezarri dituztenei presio egiteko.

Bulgariako Gobernuak lasaitasuna eskatu du, eta, iturri alternatiboei esker, herrialdeak gutxienez hilabete baterako hornidura nahikoa duela adierazi du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteazken honetan salatu duenez, Gazpromen iragarpena Errusiak gasa xantaia tresna gisa erabiltzeko beste saiakera bat da. Justifikaezina eta onartezina da ". 

Nolanahi ere, agintari alemaniarrak azpimarratu du Europar Batasuna "egoera honetarako prest" dagoela, eta Europako Batzordearen eta estatu kideen arteko koordinazioa nabarmendu du, hornikuntza alternatiboak eta EBn zehar biltegiratze handiagoa ziurtatuko duten kontingentzia-planetarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Europar Batasuna Europa Errusia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Gasaren krisia Europan Errusia-Ukraina gerra gaur Zer gertatu da gaur Varsovian? Bulgariari buruzko albisteak