Mundua -
KORONABIRUSA
Covid-19 kasuen gorakadak alarma guztiak piztu ditu Pekinen
Txinako hiriburua berriro konfinatuta amaitzearen edo Shanghaiko mailara iristearen beldurrak erosketa masiboak eragin ditu supermerkatuetan, eta horietako batzuk erabat hutsik utzi ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txinako osasun agintariek baieztatu dute kutsatze kopuruak gora egin duela herrialdean. Begi guztiak Shanghain jarrita badaude ere, hor baitaude kutsatze gehien, gainerako herrialdeetan ere gora egin dute kasu berriek, eta orain Pekinen zabaldu da kezka.
Hiriburuan 29 kasu zenbatu dituzte azken 24 orduetan, eta 70, berriz, asteburuan. Bertako barrutirik handienean, Chaoyangen, negozio ugari eta eraikin handiak dituen barrutian, hiru test-proba egitea eskatu die zonaldean bizi edo lan egiten dutenei. Hala, kaleetan, kilometroko ilarak sortu dira testa egiten dituzten lokalen aurrean, eta urbanizazio batzuk itxi egin dituzte.
Pekingo biztanleak berriro konfinatuta amaitu edo Shanghaiko mailara iritsiko diren beldur dira, eta horrek erosketa masiboak eragin ditu hiriko supermerkatuetan; ondorioz, horietako batzuk erabat hutsik utzi dituzte.
Bestalde, maiatzaren 1eko zubiaren atarian, hirian bertan behera utzi dute turismoa, eta bidaia-paketeen dirua itzultzeko eskatu die bidaia-agentziei.
Txinak "zero tolerantzia" politika zorrotza aplikatzen jarraitzen du kutsatzeak etete aldera; izan ere, pandemia hasi zenetik ikusi ez diren kutsatze kopuruak eragiten ari da.