Mundua -
Frantziako hauteskundeak
Macronek ultraeskuina garaitu du
Egungo presidenteak botoen % 58,55 jaso ditu, eta Marine Le Penek, % 41,45. Eskuin muturrak, hala ere, inoizko emaitzarik onenak lortu ditu.
EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irabazi ditu Presidentziarako hauteskundeak, eta beste bost urte emango ditu karguan, bigarren itzulian Marine Le Pen ultraeskuindarra garaituta.
Frantziako Barne Ministerioaren emaitza ofizialen arabera, botoen zenbaketa amaituta, agintariak botoen % 58,55 eskuratu ditu (18,7 milioi bozka), eta haren aurkariak, % 41,45 (13,2 milioi bozka). Le Penek lehen boto proiekzioak ezagutu eta minutu gutxira aitortu du galdu duela.
Duela bost urte, 2017ko hauteskundeen bigarren itzulian ere aurrez aurre izan ziren, eta orduan Macronek botoen % 66 bereganatu zuen.
Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, parte-hartzea % 72 ingurukoa izan da eta, beraz, abstentzioa, % 28koa. Hain zuzen ere, abstentzioa 1969tik izandako altuena da. Botoa emateko eskubidea zuten 48,7 milioi pertsonetatik 13,6 milioik ez dute bozetan parte hartu. Bestalde, boto emaileen % 4,57k boto zuria eman dute eta % 1,62k, ostera, baliogabea.
Ipar Euskal Herrian ere nagusitu da Macron, estatu mailan baino alde zabalagoaz, gainera.
Emaitzen berri izan eta ordu batzuetara, presidenteak agerraldia egin du Marteko Zelaietan, Eiffel Dorrea atzean zuela, eta "herritar guztientzat" gobernatuko duela promestu du. Horren ildotik, muturreko eskuinaren alde "haserreagatik" bozkatu dutenei "erantzunak" emango dizkiela azpimarratu du.
Macronek eskerrak eman dizkie bere jarraitzaileei, baina eskuin muturra geldiarazteko helburuz botoa eman diotenei ere bai. Era berean, abstenitu egin direnen "isiltasunari" ere erantzungo diola esan du.
Bestalde, Bilgune Nazionaleko hautagaiak, Marine Le Penek, agerraldia egin du lehen boto proiekzioak publikatu eta minutu gutxira, galdu egin duela aitortzeko. Hala ere, baikor agertu da, eta bildutako boto kopurua "historikoa" dela gogorarazi du. Hori dela eta, ekaineko legegintzarako bozak "bataila handia" izango direla adierazi du.
"Miloika aberrikidek aldaketaren alde egin dute", adierazi du Le Penek, eta Macronen aurrean "benetako oposizioa" egingo duela eta "kontraboterea" izango dela aurreratu du.
Bigarrenez irabazi duen lehen presidentea 20 urtean
Macron faborito zen inkestetan, baina, azkenean, 2017an baino garaipen estuagoa izan du. Izan ere, duela bost urte, botoen % 66 jaso zituen. Aldiz, Le Penek, galdu egin badu ere, eskuin muturrak inoiz izandako emaitza onenak lortu ditu.
Bigarren itzulitik kanpo geratu ziren alderdi gehienek Macronen aldeko botoa eskatu zuten, edo behintzat Le Penen alde ez bozkatzea.
2002tik hauteskundeak bigarrenez irabazi dituen lehen presidentea da Macron. Jacques Chirac izan zen azkena.