Mundua -

Palestina

Israelek sei palestinar hil ditu 24 orduan, Zisjordanian

Bi astean, 15 pertsona hil ditu Israelgo Armadak, Palestinako lurraldean abiarazitako "terrorismoaren kontrako operazio" batean.

Gizon palestinar bat, Israelek eragindako biktima baten aurrean. Argazkia: EFE
Gizon palestinar bat, Israelek eragindako biktima baten aurrean.
Gizon palestinar bat, Israelek eragindako biktima baten aurrean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak bi palestinar hil ditu gaur Jenin hiritik gertu dauden herrixketan, Zisjordania iparraldean, tropa israeldarrek azken asteotan lurralde palestinarrean egiten ari diren "terrorismoaren aurkako operazioaren" testuinguruan izandako liskarretan.

Azken 24 orduan, beraz, sei dira hildakoak. Izan ere, atzo, hiru palestinar -horietako bat 14 urteko umea- hil ziren Israelgo Armadaren tiroen ondorioz, Zisjordaniako hainbat lekutan izandako istiluetan, eta zauritutako beste bat gaur hil da.

15 pertsona hil dira Israelgo Armadaren tiroen ondorioz bi aste pasatxoan. Joan den ostegunean, Tel Aviv hirian palestinar batek tiroz egindako eraso baten ondoren, Israelgo segurtasun indarrek lau palestinar hil zituzten Zisjordanian. Horietako bat sarekada batean, beste bat ibilgailuei molotov koktelak jaurtitzeagatik, emakume bat polizia bat sastatzeagatik eta beste bat soldadu talde batengana korrika joateagatik.

Zisjordaniako tentsioaren gorakada hori Ramadanarekin batera gertatu da. Iazko garai berean, Israelen eta Gazako milizien arteko borrokak areagotu ziren, Jerusalemen protesta gogorren ondoren.

Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) Atzerri Ministerioak Israelen "okupazioaren krimenak" gaitzetsi ditu gaur; izan ere, duela gutxiko hildakoen ostean, "etengabeko sarraski lazgarria" izan dela esan du.

Greba eguna Zisjordanian

Ramala eta Belengo gobernazioak, Zisjordania okupatuan, greba orokorra egiten ari dira gaur, bertako bizilagun batzuen heriotza salatzeko.

Fatah agintean dagoen alderdiak deitutako grebak "bizitza komertzialaren eta sektore publiko eta pribatuaren esparru guztiak hartzen ditu", Wafa Palestinako albiste-agentziak jakitera eman duenez. Wafak Ramala erdiguneko kaleen bideo bat zabaldu du, negozio eta establezimendu gehienak itxita daudela.

Eskolek eta ikastetxeek ere ez dute ireki, "martirien arimengatik doluan eta Israelen okupazioaren krimenak salatzeko" deitutako grebaren ondorioz, eta Israelgo segurtasun indarrek azken egunetan egin dituzten "sarekadak, erasoaldiak, hilketak eta atxiloketak" salatzeko.

Oraingoz, Zisjordanian ez bezala, egoera nahiko lasai dago, bai Gazako zerrendan, bai Hiri Santuan.

Israelek Jerusalem ekialdea eta Zisjordania okupatu zituen 1967ko Sei Eguneko Gerran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Jerusalem Ekialde Hurbileko albisteak