Mundua -
Ukrainako gerra
Europak euroekin ordaindu ahalko du Errusiako gasa
Duela astebete, Vladimir Putinek iragarri zuen "herrialde arerioek" errubloekin ordaindu beharko zutela Errusiako energia. Alabaina, asteazken honetan Olaf Scholz kantzilerrari argitu dio Europako herrialdeentzat ez direla baldintzak aldatuko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako gasa ordaintzeko, euroak erabiltzen jarraitu ahalko dute Europako herrialdeek, Vladimir Putinek Olaf Scholz kantzilerrari asteazken honetan jakinarazi dionez.
Alemaniako Gobernuak zabaldutakoaren arabera, bi agintariek telefonoz hitz egin dute, apirilaren 1etik ordainketak nola egin beharko diren argitzeko.
Duela astebete, Putinek iragarri zuen "herrialde arerioek" errubloak erabiliz ordaindu beharko zutela Errusiako energia, euroak edo dolarrak onartuko ez zituztela ohartarazita.
Alabaina, asteazken honetan telefonoz izan duten elkarrizketan, Putinek Scholzi ziurtatu dio Europako herrialdeen kontratuetan ez duela aldaketarik egingo.
"Ordainketak eurotan egingo ditugu Gazprom banketxean, orain arte bezala, eta ondoren errubloen truke aldatuko dituzte", azaldu du Alemaniako Gobernuko bozeramaile batek.