Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Gerraren amaiera ez da posible izango Putinekin hitz egiten duen arte, Zelenskiren arabera
Errusiako presidentearekin Krimeako eta Donbasseko "lurralde okupatuen" inguruan hitz egiteko prest agertu da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Vladimir Putin Errusiakoarekin hitz egiteko prest dagoela berretsi du azken orduetan. Are gehiago, ez du uste bi buruzagien arteko bilerarik gabe gerra amaituko denik. Ildo horretan, balizko batzar horretan Krimeako eta Donbasseko "lurralde okupatuen" inguruan hitz egiteko borondatea erakutsi du. Bilera hori gabe "ezin da ulertu gerra gelditzeko zer egiteko prest dauden", gaineratu du.
"Krimea eta Donbass oso garrantzitsuak dira guretzat, baina ziur nago erabaki hori ez dela bilera horretan hartuko", esan du Zelenskik Ukrainako albiste agentziek zabaldutako informazioaren arabera.
Lehenik eta behin, "segurtasun bermeak ezarri eta su-etenerako pausoak" eman behar direla azpimarratu du. "Prozesu luzea izango da eta Kontseiluak eta Ukrainako herriak erabaki beharko dute", gehitu du.
Edonola ere, Ukrainako agintariak atzo iragarri zuenez, Errusiarekin adosten diren konpromisoak Ukrainako herritarrek berretsi beharko dituzte erreferendumean.
Errusiako Gobernuak, bere aldetik, ez du uste hitz egiteko momentua denik, negoziazioetan aurrerabide nahikorik izan ez dela iritzita.