Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiako tropak Mariupol erdialdera iritsi dira eta Ukrainak Azov itsasorako sarbidea galdu du

Atzo Ukraniako agintariek jakitera eman zutenez, 130 lagunek lortu dute Mariupolen bonbardatutako antzokitik irtetea eta 1.000 baino gehiago daude oraindik sotoan harrapatuta.

Mariupoleko Primoskyi industrialdea, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Mariupoleko Primoskyi industrialdea, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Mariupoleko Primoskyi industrialdea, airetik ikusita. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Gobernuaren Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez, bart Azov itsasorako sarbidea galdu zuten Errusitako tropek Mariupolgo portu nagusiaren kontrola hartu eta gero: "Inbaditzaileek arrakasta izan dute, behin-behinean, Donetsko eremu operatiboan, denbora batez Ukrainari Azov itsasorako sarrera kenduz" esan dute Ministeriotik.

Vadym Boytxenko Mariupoleko alkateak BBCri jakitera eman dionez, errusiako tropak hiriaren erdi aldera arte iritsi dira jada, eraikinen % 80 kaltetuta daude eta herritarrek ez dute ez urik ezta argindarrik ere. Kalez kale gertatzen ari dira orain borrokak eta hori dela eta, ezin dituzte iragan asteazkenean bonbardatutako antzokiaren sotoan harrapatuta dauden ehunka herritarrak erreskatatu. Mariupolgo agintariek atzo emandako datuen arabera, 130 lagunek ateratzea lortu dute baina 1.000 pertsonatik gora daude oraindik sotoan harrapatuta.

Errusiako Gobernuak, bere aldetik, ukatu egin du bere Armadak helburu zibilen kontra jotzen duenik eta Ukrainako indar armatuei egotzi die bonbardaketa.

Vadym Denysenko Ukrainako Barne ministroak jakitera eman duenez, gainera, Errusiako Armadak Azovstalgo planta metalurgikoa suntsitu du Mariupolen, Europako handienetako bat: "Ez sinestekoa da Putinek pertsonalki eman izana hiri osoa txikitzeko agindua. Putinen helburua ez da Ukraina desmilitarizatzea, desindustrializatzea baizik, gure plantak berriro ere eraiki behar izan ditzagun ondorengo hamarkadetan" salatu du.

Mikolaev hiriko alkateak, berriz, Jersondik botatako bonbek dozenaka heriotza eragin dituztela salatu du. 

Bestalde, Errusiak larunbat honetan iragarri duenez, lehen aldiz erabili ditu Kinzhal misil hipersonikoak, bere armarik modernoenetakoa, Deliatingo (Ukrainako mendebaldea) biltegi militar bat kolpatzeko. Doitasun handiko misil hipersoniko errusiarra 2018ko martxoan aurkeztu zuten mundura. Moskuren arabera, misilen aurkako edozein ezkutu saihesteko gai da.

Gainera, Errusiako agintariek ohartarazi dutenez, Ukrainako Indar Armatuek Itsaso Beltzean jarritako 420 mina inguru noraezean daude orain, ainguratzen zituzten kableak apurtu dituen ekaitzaren ondorioz. Errusiako Segurtasun Federaleko Zerbitzuaren (FSB) arabera, mina horiek Bosforoko itsasartera lekualdatzen ari dira, horrek nabigaziorako duen arriskuarekin.

Errusiako iturri horiek, TASS albiste-agentziak aipatuta, ziurtatu dute ukraniarrek Odesa, Ochakov, Txernomorsk eta Yuzhnyko portuetan milaka mina jarri dituztela. Hala, "Ukrainako Indar Armatuek nazioarteko zuzenbidearen oinarriekiko eta giza bizitzekiko erabateko mespretxua" erakusten dutela salatu dute. 

Odesan, defentsa zakuak jartzen. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski