Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak erasoak areagotu ditu Ukraina ekialdean, eta posizioak indartu ditu kanpoko base militarretatik
Errusiako tropek Kharkiv eskualdean ardaztu dituzte euren erasoak ostegunean, eta orain errefortzuak bidaltzen ari dira beste herrialde batzuetan dituzten baseetatik eta Siberiatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako tropek ekialdeko hegalean jarri dute fokua ostegunean, Ukrainaren aurkako erasoaldian. Kharkivi begira egon dira bereziki, baina ez diote begirik kendu Mariupol setiatuari, eta errefortzuak bidaltzen ari dira beste herrialde batzuetan dituzten baseetatik eta Siberiatik, mendebaldeko adimen iturrien arabera.
"Gaur 10 kilometro egin dugu aurrera", adierazi du Ígor Konashénkov Defentsa Ministerioko bozeramaileak agerraldi batean. Hark esandakoaren arabera, errusiar indarrek kontrolpean dituzte orain Novamayorske eta Prechistovka, Ukrainako ekialdeko hiriak.
Errusiako Defentsa Ministerioak ez du azken parte militarrean Kharkiv eskualdea aipatu. Bertako Merefa herrian, 21 pertsona hil dira ostegun honetan, eta 25 zauritu, artilleria astunarekin egindako eraso batean.
Gainera, 16 egun dira Mariupol, Azoveko barnealdeko itsasertzean dagoen 450.000 biztanleko hiria, blokeoa jasaten ari dela. 12.000 eta 14.000 soldadu artean ditu inguruan, Sergiy Taruta diputatuaren arabera.
Hala ere, azken egunotan hiria uzten hasi dira Mariupolgo biztanleak. Guztira, 6.500 kotxe inguruk egin dute setiotik ihes, alkatetzaren arabera, 30.000 pertsona inguruk, alegia.
21 hildako, Errusiak Kharviven egindako erasoaldian
Gutxienez 21 lagun hil eta 25 zauritu dira Errusiako indarrek Merefa herrian --Kharkiv eskualdean-- egindako erasoan, bertako Fiskaltzak jakitera eman duenez.
15:30ean (bertako ordua) izan da erasoa, eta bigarren hezkuntzako ikastetxe batean eta zentro kultural batean eragin ditu kalterik handienak. Hori horrela, Fiskaltzak ikerketa abiatu du gerra legeak urratu dituzten ondorioztatzeko.
Errusiako presidente Vladimir Putinek otsailaren 24an hasitako erasoaldiek jomugan dute Kharkiv eskualdea. Kievek eta NBEk ziurtatu dutenaren aurka, Moskuk dio ez dituela zibilen aurkako erasoak egiten.
"Akordioaren zirriborroak Errusiaren jarrera soilik islatzen du"
Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak ohartarazi du Errusiako inbasioa gelditzeko abian den akordioaren zirriborroak Moskuren eskaerak soilik hartzen dituela kontuan, eta Turkiari eskatu dio aldi baterako hitzarmena bermatzen duten herrialdeetako bat izatea.
Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusoglurekin bildu da gaur Kuleba. Haren hitzetan, bart Financial Times egunkariak argitaratutako 15 puntuko akordioak, une honetan, ez du Ukrainaren babesik.
Aurrerapausoak negoziazioetan
Ukrainako gerra hasi zenetik 22. egun betetzen direnean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioetan aurrerapausoak eman direla dirudien arren, erasoak ez dira eten. Ukraina eta Errusia 15 puntuko dokumentu bat negoziatzen ari direla zabaldu den honetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere lehentasunak finkatu ditu eta segurtasun bermeak eskatu ditu beste behin.
"Ukrainaren onerako negoziazioak abian dira. Negoziazioetan ditudan lehentasunak argiak dira: gerraren amaiera, segurtasun bermeak, subiranotasuna, lurralde osotasuna berrezartzea, benetako bermeak eta benetako babesa", azpimarratu du presidentearen webgune ofizialean argitaratutako ohar batean.
Elkarrizketak elkarrizketa, erasoak ez dira eten. Azken orduetan, Errusiako tropek Mariupol hiriko antzokia bonbardatu dute. Eraikina ehunka pertsonarentzako babesleku gisa erabiltzen ari ziren. "Eraikina suntsituta geratu da. Oraindik ez dakigu zenbat pertsona hil diren", esan du Zelenskik.
Txernihiv hirian ogia erosteko zain ilaran zeuden herritarren aurkako erasoan, ostera, hamar pertsona hil direla adierazi du.