Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Orain Errusiarekin negoziazioak "errealistagoak" direla onartu du Zelenskik
Errusiako Atzerri ministroak iragarri du elkarrizketak "errazak" ez diren arren, segurtasunari buruzko akordio bat "gertu" egon daitekeela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 21 egun betetzen diren honetan, Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioak, zailak izan arren, bide onetik doazela iradoki dute bi gobernuetako ordezkariek azken orduetan.
Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur goizaldean argitaratutako hitzaldi batean adierazi duenez, jarrerak geroz eta errealistagoak dira Errusiarekin irekitako negoziazioetan, baina oraindik ere denbora behar da erabakiak "Ukrainarentzat interesgarriak izan daitezen".
Bere azken mezuan, Zelenskik esan du negoziazioek aurrera jarraitzen dutela, "zaila baina garrantzitsua" dela negoziatzea, eta oraindik "ahaleginak" egin behar direla, "gerra oro akordio batekin amaitzen baitira".
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren arabera, berriz, Ukrainarekin segurtasun bermeen inguruko akordio bat lortzetik "gertu" daude, Errusiako agentziek jakitera eman dutenez.
Neutraltasunaren edo NATOn ez sartzearen truke, segurtasun bermeak eskatzen ditu Ukrainako Gobernua, hots, etorkizunean eraso egingo ez diotenaren bermeak nahi ditu. Gai horien inguruan, akordioa gertu egon daitekeela azaldu du.
Hain zuzen ere, asteazken honetan elkartuko dira berriro Errusiako eta Ukrainako talde negoziatzaileak.
Gutxienez 103 haur hil dituzte Ukrainako gerra hasi zenetik
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, gutxienez 103 haur hil eta 100dik gora zauritu dituzte, Ukrainako Fiskaltzak asteazken honetan zabaldutako azken datuen arabera.
"Datuak ez dira behin betikoak, gatazka guneetan eta aldi baterako okupatutako lurraldeetan Fiskaltzak eta segurtasun indarrek ezin dituzte bonbardaketak ikuskatu", onartu du.
Ia 29.000 zibil irten dira korridore humanitarioetatik barrena azken orduetan
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak asteazken honetako lehen orduan ziurtatu duenez, 28.893 zibil atera dira korridore humanitarioen bidez azken orduetan herrialdeko hainbat tokitan.
"Azken 24 orduetan, 28.893 ukrainar erreskatatu dituzte Sumy, Kharkiv eta Donetsk probintzietako borroka eremuetatik, eta horietatik 20.000 Mariupoletik atera dira", nabarmendu du agintariak.