Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ostegunera arteko etxeratze-agindua ezarri dute Kieven
Ukrainako Armadak salatu duenez, tropa errusiarrek bahituta dituzte Mariupoleko medikuak eta pazienteak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vitali Klitxko Kieveko alkateak 35 orduko etxeratze-agindua ezarri du hiriburua, gaur arratsaldeko zortzietatik (19:00ak Euskal Herrian) osteguneko 07:00ak arte (06:00ak Euskal Herrian), Errusiako tropak aurrera egiten ari direlako.
Alkateak nabarmendu duenez, une zaila eta arriskutsua bizitzen ari dira hiriburuan. Haren esanetan, Errusiako Armadaren azken bonbardaketek hiriko auzoak kaltetu dituzte eta dozenaka pertsona hil dira.
"Baimen berezirik gabe ezingo da hirian barrena ibili. Ostatura iristeko bakarrik atera ahalko da", zehaztu du Ukrainako hiriburuko alkateak.
Gainera, bi egunez etxean geratzeko edo, alarma seinale baten aurrean, aterpe batean babesteko prest egoteko eskatu die Kieveko biztanle guztiei.
Ukrainako gerra hasi zenetik 20 egun betetzen diren honetan, Errusiako Armadak erasoak gogortu ditu Kiev hiriburuan. Vitali Klitxko alkatearen esanetan, Kieveko auzo batzuetan aire erasoak egin dituzte goizaldean. Ukrinform Ukrainako albiste-agentziaren arabera, gutxienez lau leherketa izan dira.
Gutxienez bi pertsona hil dira etxebizitza-eraikin baten aurkako eraso batean, Ukrainako Larrialdi Zerbitzuak baieztatu duenez. Gainera, beste 35 pertsona erreskatatu dituzte.
Sviatoshinski barrutian, bederatzi solairuko etxebizitza-eraikin baten aurkako erasoan, hainbat sute piztu dira baina oraingoz ez dute argitu biktimarik izan den ala ez.
Ospitale bat bahituta Mariupolen
Bestalde, Pavlo Kirilenko Donetskeko Eskualde Militarreko muruak salatu du Errusiako Armadak bahituta dituela Mariupoleko ospitale bateko medikuak eta pazienteak.
Horren esanetan, zentroko langile batek baieztatu dio informazioa. Errusiako tropak eraso gordinak egiten ari dira hiri horretan.
Kirilenkok azaldu duenez, Mariupoleko ospitalea "ia erabat" suntsitu zuten errusiar erasoek, baina hala ere osasun langileek lanean jarraitu dute sotoetan.
Errusiako Armadak erasoak gogortu ditu Kharkiv hirian
Gutxienez zazpi pertsona hil dira Errusiako Armadak Kharkiv hirian azken orduetan egin dituen erasoetan. Ukrinform albiste agentziaren arabera, hiru pertsona bizirik erreskatatu ahal izan dituzte hondakinen artetik.
Halaber, Errusiaren erasoetan merkataritza-guneak eta etxebizitza-eraikinak kaltetu dira. Ukrainako agentziaren arabera, 600 etxe inguru, 50 eskola eta osasun arretarako instalazioak suntsitu dituzte errusiarrek.
Kherson eskualdearen kontrola hartu duela adierazi du Errusiako Armadak
Errusiako armadak, bere aldetik, baieztatu du Kherson eskualdea oso-osorik kontrolpean hartu duela. Martxoaren hasieran Errusiako Armadak Kherson hiria bereganatu zuen.