Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako tropak Kievetik 25 kilometrora daude, Britainia Handiko inteligentzia zerbitzuen arabera
Vasilkiv eta Brovary bonbardatu dituzte larunbat honetan errusiarrek, Kiev inguruetan. Iparraldean, Txernihiv urik, elektrizitaterik eta gasik gabe dago, ekialdean, errusiarren kontrolpean dago Luganksen % 70, eta hegoaldean, meskita bat bonbardatu dute Mariupolen.
EITB MEDIA
Kievetik gero eta gertuago daude Errusiako tropak. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak ohartarazi duenez, "tropa errusiar gehienak hiriaren erdigunetik 25 kilometrora daude dagoeneko, ipar-mendebaldean izandako borroka gogorren ostean. Hiriburura hurbiltzen ari zen ibilgailu militar errusiarren ilara handia "sakabanatu egin da", eta badirudi "hiria inguratzeko saiakera" hastear dagoela, Ministerioaren kalkuluen arabera.
Vitaliy Klitxko alkateak mezu bat argitaratu du Telegramen: "Lagunak! Kievtar maiteak! Hiriburua defentsarako prestatzen ari da. Kontrol-puntuak indartzen jarraitzen dugu. Produktu, sendagai eta premia handiko ondasunen erreserbak sortuz ".
Kieven autobusak badabiltzala eta tren geltokian erreskate taldeek jendea hartzen dutela ere jakinarazi du. Kievetik irten nahi dutenek trenez egin dezaketela ere gaineratu du. "Trenez bidaltzen ditugu Ukrainako mendebaldera".
Errusiako armadak aire erasoak areagotu ditu, gainera, azken orduetan Kieven. Alde batetik, Errusiako armadak "petrolio biltegi" bati eraso egin dio Vasilkiv inguruan eta "produktu izoztuen biltegi bat" Kvitneve herrixkan, Brovary barrutian, Ukrainaren arabera; eta "aerodromo militar bat Vasilkiven eta Ukrainako indar armatuen inteligentzia elektronikoko zentro nagusia Brovaryn" Errusiako Defentsa Ministerioaren bozeramailearen arabera.
Kiev iparraldean, Txernihiven, ur eta argindar hornidurarik gabe utzi dituzte errusiarren bonbardaketek eta herritarrek ez dute gasik eta berokuntza-sistemarik ere, Viatxeslav Chaus Eskualde Administrazioko buruak Facebookeko bere profilean idatzi duenez.
"Etsaiak aire eta misil erasoak egiten jarraitzen du. Herritarrak hiltzen ari da. Atzo, bonba bat erori zen Ukraina Hotelean. Dagoeneko ez dago hotelik, baina Ukraina gailentzen ari da eta borrokan jarraitzen du ", esan du Chausek. "Gure egitekoa da Putin zital eta zoro horrek Uraletako bunkerrean pozoia irensten duela ziurtatzea", idatzi du. "Orain ez dago argindarrik Txernihiven, eta ia ez dago gas, ur eta berogailurik. Uste dut gaur berrazarriko dugula energia hornidura" gehitu du.
Mykolaiv hiriak ere bonbardaketa gogorrak jasan ditu hego-mendebaldean, eta artilleria zein aireko eraso gehiago ere izan dira Nikolaev, Dnipro eta Kropyvnytski hirietan, Ukrainaren erdialdean.
Errusiako Armadaren erasoak ostiralean, lehen aldiz, Europar Batasuneko mugetatik gertura zabaldu ziren, eta larunbat honetan baieztatu dute erabat suntsituta geratu dela Lutskeko aerodromo militarra, Poloniatik gertu.
Ukrainako agintariek baieztatu dute Luhansken % 70 Errusiaren kontrolpean dagoela
Bestalde, ekialdean, Luhansk eskualdearen % 70 inguru Errusiako tropen esku dago jada, Sergei Haidai gobernadoreak larunbat honetan jakinarazi duenez.
Gatazka bizia dago eskualdean duela 8 urtetik, Ukrainaren aldekoen eta Ukraniatik banantzean aldekoen artean. Eremua zatituta egon da kontaktu-lerro baten bidez, Errusiaren inbasiora arte.
Bestalde, Ukrainako agintariek salatu dutenez, indar errusiarrek meskita bat bonbardatu dute Mariupol hirian larunbat honetan. 80 pertsona zeuden bertan babestuta baina oraingoz, ez da biktimen berririk.
Soliman Handia sultanaren meskitak gutxienez jaurtigai baten kolpea jasan duela jakinarazi du Ukrainak Turkian duen enbaxadak. Izan ere, bertan babes hartutakoen artean, turkiako herritarrak zeuden.
Gerra fronte bortitzenetakoa da une honetan Mariupol.
Mariupolen korridore humanitario berriak irekiko dituztela iragarri dute
Irina Vereschuk Ukrainako Donetsk eta Luhanskerako ministroak iragarri duenez, korridore humanitario berriak irekiko dituzte zibilak ateratzen saiatzeko, berriz ere, eta laguntza humanitarioko konboia ere bidaliko dute Mariupolera.
Korridore berri gehienak Kieven edo inguruetan amaituko dira, eta Pologi, Gostomel, Mikulitxi, Andrivka, Makarov, Borodianka, Trostyanets, Sumy, Lebedin, Konotop, Velyka Pisarevka eta Krasnopoletik abiatuko dira.
Errusiarrek hamar korridore humanitario ireki zituen ostiralean Kiev, Txernihiv, Sumy, Kharkiv eta Mariupoletik Errusiara, eta bat Kieveko agintariek kontrolatutako lurraldeetatik mendebalderantz, Polonia, Moldavia eta Errumania aldera. Proposatutako 10 bideetatik bi bakarrik adostu zituzten ukrainarrekin: Kiev eta Mariupolen norabideetan.
Aldi berean, Ukrainako agintariek ere beste lau korridore gehiago iragarri zituzten Izyum, Energodar, Volnovaja hirietatik eta Zitomirretik. Errusiako agintarien oniritzia jaso zuten.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) joan den asteburuan baieztatu zuen porrot egin zuela zibilak Mariupol hiritik ateratzeko bigarren saiakerak, eta porrotaren arrazoia gatazkaren aldeen arteko akordio "zehatz eta funtzionalik eza" izan zela esan zuen; hiria defendatzen duten Ukrainako indarrak eta Errusiaren aldeko Donetsk errepublikako miliziak ez zirela ados jarri, alegia.
Errusiako Armadak atzo salatu zuenez, Mariupol defendatzen ari diren Ukrainako indarrek sarrera eta irteera guztiak suntsitu dituzte, eta, beraz, hiria kanpoko mundutik deskonektatuta dago. "Hirirako zubi eta sarbide guztiak suntsitu dituzte, nazionalista ukrainarrek errepide nagusiak hondatu dituzte eta gizon armatuak dabiltza kaletik tiro eginez. Horrek biztanleria zibila euren etxeetan egotera behartzen du", adierazi du Mijail Mizintsev Errusiako Defentsa Nazionalaren Kontrol Zentroko buruak.
Donetskeko prentsa zerbitzuak baieztatu duenez, dena dela, ebakuazio batzuk gertatzen ari dira, 200 inguru egunean: "Martxoaren 11ko 08:00etatik martxoaren 12ko 08:00etara, 217 pertsona, 25 haur barne, atera zituzten Mariupoletik eta Novoazovskyko barrutiko Bezymennoe ingurutik", indar separatistek larunbat honetan argitaratutako oharraren arabera. Hirian 400.000 pertsona inguru bizi dira.
Setioa hasi zenetik, Errusiak behin eta berriz salatu du ukrainar ultraeskuindar milizietako kideak egoera baretzeko ahaleginei boikota egiten ari direla inguru horretan.
Bestalde, eta Telegrameko bere kontuan argitaratutako mezu batean, Mariupoleko Udalak ziurtatu du 1.500 egoiliar baino gehiago hil direla hirian, duela 12 egun Errusiak erasoei ekin zienetik. "Mariupoleko 1.582 zibil hil dituzte okupazio tropa errusiarrek hiria blokeatu eta etxebizitzak gupidagabeki bonbardatu dituzten 12 egunetan" salatu du Udalak.
Melitopoleko alkatea gatibu hartu dute
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Emmanuel Macron eta Olaf Scholz Frantziako eta Alemaniako buruzagiei eskatu die Vladimir Putin Errusiako presidentea presionatu dezatela Ivan Fedorov Melitopoleko alkatea aska dezan. "Eskaria sinplea da: berehala askatu", adierazi du Zelenskik sare sozialetan argitaratutako bideo batean."Munduko liderrek egoera honetan eragiteko gaitasuna erakustea espero dugu", gaineratu du.
Melitopoleko 2.000 biztanle inguru hiriko kaleetara atera dira Fedoroven askapena eskatzeko.
Melitopol, Zaporiya eskualdean dago, Ukraina ekialdean eta indar errusiarren okupaziopean dago. Unian Ukrainako agentziak jakinarazi duenez, Fedorovek uko egin zion errusiarrei laguntzeari, eta ukrainar bandera hiriko udaletxean mantentzea erabaki zuen. Atzotik ez dago bere berririk.
1.300 militar ukrainar hil dira
Zelenskik adierazi duenez, 1.300 militar ukrainar hil dira inbasioa hasi zenetik eta, esan duenez, 13.000 militar errusiar ere bai. Gainera, errusiarrek 78 haur hil dituztela ere salatu du. Datu horiek ez dute baieztapen ofizialik izan oraingoz.
Negoziaketak Israelen?
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin dute gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta elkarrizketaren ondoren, argi dute Putinek ez duela "gerra geldiarazteko asmorik". Hala, jakinarazi dute Eliseotik. Hori bai, dei horretan jakin dute errusiarrak eta ukrainarrak bideokonferentziaz hitz egiten ari direla.
Volodímir Zelenski presidenteak Naftali Benet Isralego lehen ministroari Errusia eta Ukrainaren arteko negoziaketak Israelen izatea proposatu diola kaleratu dute gura Israelgo komunikabideek eta albistea baieztatu egin du Zelenskik.