Mundua -
Ukrainako gerra
Txinako presidenteak Ukrainako egoera "kezkagarritzat" jo eta elkarrizketaren beharra azpimarratu du
Xinek, bestalde, ziurtatu du Pekin "saminduta" dagoela Europan beste gerra bat piztu delako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txinako presidente Xi Jinpingek "kezkagarritzat" jo du Ukrainako egoera, Errusiak gerra hasi zuenetik hamar egun baino gehiago igaro direnean, eta bi aldeen arteko elkarrizketa eskatu du.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin bideo dei bidez egindako bileran, gatazkari bukaera emateko ahaleginak izan dituzte hizpide. Solasaldian, Xinek adierazi die Pekin "saminduta" dagoela Europan beste gerra bat piztu delako.
Horregatik, Xinhua albiste agentzia txinatarrak jaso duenez, Errusia eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketak babestera deitu ditu agintariak, eta alde biek negoziazioei eusteko beharra azpimarratu du, "zailtasunak gainditzeko, hitz egiten jarraitzeko eta emaitza baketsuak lortzeko".
Twitter bidez, Scholzek esan du Xik ohartarazi diela "esfortzu diplomatiko oro babesten duela, betiere, gatazkaren amaiera helburu badu. Gainera, borroka guneetan korridore humanitarioak eratzea galdegin die.
Eliseoak zabaldutako ohar baten arabera, Xik gogora ekarri du subiranotasun eta lurralde osotasunaren printzipioen beharra, eta Frantziak eta Alemaniak su-etena lortzeko egindako ahaleginak txalotu ditu. Ildo horretan, egoerari irtenbide bat emateko neurriei buruz -besteak beste, Errusiari zigorrak ezartzeaz- eztabaidatu dute Macronek eta Scholzek agintari txinatarrarekin.
Biek ala biek nabarmendu dute "ondorio benetan larriak" eragin dituela Errusiaren erasoaldiak, biktima zibil eta errefuxiatu asko daudelako.