Mundua -
SIRIAKO GERRA
Gutxienez bi zibil hil dira Damaskoko aireportuaren inguruan Israelek eginiko eraso batean
Iranen aldeko milizien arma biltegien aurka egin dute eraso. Sana Siriako berri agentziaren arabera, aireko defentsarako sistemek misil gehienak geldiarazi dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Siriako agintariek salatu dutenez, gutxienez bi zibil hil dituzte Damasko inguruan ustez hegazkin israeldarrek egindako bonbardaketetan. Iranen aldeko milizien arma biltegien aurka egin dute eraso, hiriburuaren aireportu inguruan.
05:00ak aldera (tokiko ordua) Israelek bonbak jaurti ditu Siriako hiriburura. Sana Siriako berri agentziaren arabera, "aireko defentsarako sistemek misil gehienak geldiarazi dituzte".
Otsailaren 24an Damasko inguruetan Israeli leporatu zioten beste aire eraso batean hiru soldadu siriar hil ondoren gertatu da erasoa. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, eraso horretan lau militar, Iranek babestutako milizietako hiru kide eta Hezbollah Libanoko alderdi islamistako bi kide hil zituen.
Hezbollah miliziaren nahiz Irango milizia xiiten gotorleku dela argudiatuta, ehunka eraso egin ditu Israelek Sirian, 2011n gerra lehertu zenetik. Siriako Gobernuak milizia horiei aterpe ematea eta indar xiitek eremua kontrolatzea eragotzi nahi du Tel Avivek.