Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak Odesa bonbardatu nahi duela ohartarazi du Zelenskik
Ukrainako armadak 11.000 errusiar hil direla zabaldu du eta Errusiakoak 2.200 helburu militar desegin dituztela. Ukrainako presidenteak errusiarren esku erori diren herrietako biztanleei kalera irten eta aurre egiteko eskatu die.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako indarrak Odesa hiria bonbardatzeko prestatzen ari direla iragarri du Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak. Itsaso Beltzaren ertzean dago Odesa, Ukraina hegoaldean. "Odesa bonbardatzeko prestatzen ari dira. Gerrako krimena izango da. Krimen historikoa izango da "esan du agintariak bideomezu berri batean.
Bestalde, Oleksiy Danilov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluko idazkariak ohartarazi du Errusia eskala handiko bigarran erasoa prestatzen ari dela. Kiev (iparraldean) Kharkov (ekialdean), Mariupol (hego-ekialdean), Mykolaiv (hegoaldean), Txernigov (iparraldean) eta Odesa (hegoaldean) errusiarrentzat estrategikoak direla berretsi du eta horien kontra joango dela.
"Etsaiaren plana hiri garrantzitsuenak hartzea da, Ukrainako Indar Armatuak odolustea eta biztanleria zibilarentzat hondamendi humanitarioko egoera bat sortzea" gaineratu du.
Gainera, errusiarrek Kaniven, Ukraina erdialdean, zentral hidroelektriko bat hartu nahi dutela ere salatu du.
Ostiralean Energodarreko zentral nuklearra hartu zuten errusiarrek Zaporizhia eskualdean (Ukraina hego-ekialdean), Europako handiena. Dmity Orlov Energodarreko alkateak atzo, larunbata, azaldu zuenez, tropa errusiarrek "hiriaren perimetroa kontrolatzen dute eta zentral nuklearrean daude".
Ukrainako Armadak dio 11.000 militar baino gehiago hil direla Errusiaren inbasioa hasi zenetik
11.000 militar errusiar baino gehiago hil direla eta 285 tanke, 109 artilleria sistema eta 48 helikoptero ere suntsitu dituztela esan du gaur Ukrainako Armadak.
Errusiak ez ditu datu horiek baieztatu, eta erantzun du 2.200 helburu militar baino gehiago suntsitu dituztela, Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaile Igor Konashenkovek jakinarazi duenez. Era berean, Errusiako tropek, bozeramailearen arabera, 11 kilometro egin zituzten aurrera larunbatean, eta bost herri hartu zituzten kontrolpean hego-ekialdeko frontean: Priiutnoye, Zavitne-Bazhanne, Staromlinovka, Oktiabrskoye eta Novomaiskoye.
Zelenski presidenteak Ukrainako herritarrei eskatu die erresistentziari eusteko eta errusiarrei "aurre" egiteko. Errusiako herritarrei ere dei egiten die Putinen aurrean oldartu daitezen.