Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako Armadak Europako zentral nuklear handiena hartu du
Erasoaren ondotik, sua piztu da zentral nuklearraren segurtasun perimetrotik kanpo, baina itzali dute. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, ez da erradioaktibitaterik isuri.
EITB Media
Ukrainako gerraren bederatzigarren egunean, Zaporizhiako zentral nuklearra Errusiako Armadaren kontrolpean dagoela baieztatu dute Ukrainako agintariek. Europako zentral nuklearrik handiena da. Errusiako soldaduek Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako erasoa egin dute, eta, ondorioz, sua piztu da zentral nuklearraren segurtasun perimetrotik kanpo; baina suhiltzaileek itzali dute. Nazio Batuen Erakundearen baitan dagoen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, ez da erradioaktibitaterik isuri.
Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) presidentearen esanetan, Errusiako indarrek jaurti dute zentral nuklearraren kontrako jaurtigaia. Halaber, horrelako guneetatik gertu borrokan aritzearen arriskuaz ohartarazi du.
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako erasoaldia salatu du, baina aliantza ez dela gatazkaren parte berretsi du. NATOko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroak ezohiko bilera egiten ari dira gaur Bruselan, besteak beste, Ukrainako gerraz eta horrek epe luzera izango dituen ondorioez hitz egiteko.
Errusiaren "terrorismo nuklearraren" aurrean "berehala" esnatzeko deia egin dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europari. Txernobylgo hondamendi nuklearra errepikatu baina "sei aldiz handiagoa" egin nahi izatea egotzi dio Errusiari, Txernobylen erreaktore batek egin baitzuen eztanda eta Zaporizhiakoan sei baitaude.
Zelenskik telefonoz hitz egin du Joe Biden AEBko presidentearekin, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin, Olaf Scholz Alemaniako kantzillerrarekin, Andrzej Duda Poloniako presidentearekin, Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) presidentearekin eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin. Hain zuzen ere, azken horrek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera deitzeko eskatuko du.
Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du zentral nuklearra tankeekin, artilleriarekin eta suziriekin eraso izana, eta gertakaria Ukrainako sabotaje talde batek egindako "probokazio ikaragarria" izan dela esan du. Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, soldadu errusiarrek "saboteatzaile ukrainarren" erasoari erantzun diote. Aleksandr Lukaxenko presidente bielorrusiarraren hitzetan, Bielorrusia ez da aktiboki parte hartzen ari inbasioan eta ez du inolako proposamen formalik jaso esku hartzeko.
Errusiako Armadak Ukrainako ekialdean eta hegoaldean erasotzen jarraitzen du, eskualdeko hiriburu nagusiak hartzeko. Kherson dagoeneko mendean du, Mariupol blokeatu du eta Kharkiv eta Odesa hiriei eraso egiten ari da. Kieven, ostera, soldadu ukrainarrak eraso handiaren zain daude oraindik.
Kharkiveko alkateak CNN telebista kate estatubatuarrari adierazi dionez, hiriaren egoera "oso zaila" da. "Orain arte, etengabeko bonbardaketen eragina jasan du Kharkivek. Hegazkinak airean daude, suziriak botatzen ari dira, jaurtigaiak erortzen ari dira eta etxebizitza eraikinei erasotzen ari dira", esan du.
Bestalde, Sumy hiriaren aurkako bonbardaketa gogorren berri eman dute Ukrainako agintariek. Zentral termikoaren kontrako eraso baten ondorioz, hiria argindarrik eta berogailu sistemarik gabe geratu da.
Errusiako indarrek Ojtirka hiria ere bonbardatu dute, Ukraina ipar-ekialdean, eta herritarrak argindarrik eta berogailurik gabe utzi dituzte, Eskualdeko Administrazio Militarreko buruak jakinarazi duenez.