Mundua -
Ukrainako gerra
Georgiak eta Moldaviak Europar Batasunean sartzea eskatu dute formalki
Irakli Garibashvili Georgiako lehen ministroak herrialdea Europar Batasunean sartzea formalki eskatzeko dokumentua sinatu du ostegun honetan. Era berean, Moldaviako Gobernuak EBn sartzea eskatu du, Ukrainak eta Georgiak egin bezala.
Agentziak | EiTB Media
Irakli Garibashvili Georgiako lehen ministroak herrialdea Europar Batasunean sartzea formalki eskatzeko dokumentua sinatu du ostegun honetan. Hasierako kronogramaren arabera, 2024tik aurrera sartzeko asmoa zuen Georgiak. Era berean, Moldaviako Gobernuak EBn sartzea eskatu du ostegun honetan, Ukrainak eta Georgiak egin bezala. "Bide europar argi" bati hasiera ematea espero du bertako Exekutiboak.
"Europan integratzeko bidean, eskaera beste pauso garrantzitsu bat da", esan du Garibashvilik prentsaurrekoan, agiria sinatu baino lehen.
Georgiako buruzagiaren hitzetan, pausoak "historian orrialde berri bat zabaltzen du, eta Europako familia komunera batzeko gure arbasoen saiakerari jarraipena ematen dio", Civil Georgia atariak jaso duenez.
"Georgia Europako estatua da", errepikatu du. Azpimarratu duenez, Georgia "bere historia luzean zehar, Europako zibilizazioaren eta kulturaren parte izan da beti".
Horrela gauzak, Bruselak EBn sartzeko hautagai estatusa ematea itxaron beharko du Georgiak orain.
Bestalde, Maia Sandu Moldaviako presidenteak eskakizuna sinatu du. Era berean, Natalia Gavrilita lehen ministroak eta Igor Grosu Parlamentuko presidenteak dokumentua berretsi dute, Moldpress albiste agentziak jakitera eman duenez.
"Herri baten heldutasuna garai zailetan hobeto ikusten da", adierazi du Sanduk. Ukrainako krisian bere herrialdearen elkartasuna goraipatu du agintariak. "Mundu askearen parte izan nahi dugu", aldarrikatu du zeremonian.
Moldaviara ia 100.000 pertsona iritsi dira Ukrainatik, Errusiak duela astebete erasoa abiatu zuenetik, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren (ACNUR) arabera. Hain zuzen ere, Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkaria Moldaviak krisiari emandako erantzunaren lekuko izan da ostegun honetan.
"Hemen ikusten ari garena Errusia Ukrainaren aurka aurrera eramaten ari den gerra basatiaren ondorioen zati txiki bat da", deitoratu du Europako diplomaziaren buruzagiak. Zentzu horretan, Moldaviaren "esfortzu aparta" txalotu du Borrellek.