Mundua -

Ukrainako gerra

Putinek adierazi du Ukrainako gerra "aurreikusi bezala" doala, eta "okerrena iristear" dagoela erantsi du

Vladimir Putinek eta Emmanuel Macronek telefonoz hitzegin dute. Elkarrizketa horretan, Errusiako presidenteak ohartarazi du ukrainarrek bere baldintzak bide diplomatikoaren bitartez onartzen ez badituzte, Moskuk bere helburuak militarki lortuko dituela.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur astebete abiatu zuen Errusiak Ukrainaren inbasioa eta Vladimir Putinek azpimarratu du herrialde horren aurkako gerra "aurreikusitako moduan" doala.

"Operazio berezia planean aurreikusi bezala gauzatzen ari da. Misio guztiak arrakastatsuak izaten ari dira", adierazi du Errusiako Segurtasun Kontseiluaren bileran.

Horrez gain, errusiarrei batuta egoteko deia egin die eta "gure aberriaren segurtasunagatik borrokan bizi galdu duten soldaduen familiei" babesa emateko eskatu die.

Halaber, Ukrainako Armadak atzerritarrei herrialdetik ateratzea galarazi diela salatu du. "Ehunka atzerritar, tartean ikasleak, borroka guneetatik ihes egiten saiatu dira, baina ez diete uzten; bahituta dauzkate eta giza ezkutu gisa erabiltzen dituzte", erantsi du.

Agerraldi horren aurretik, Putinek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin hitzegin du telefonoz, eta Kievek bere baldintzak onartzen ez baldin baditu -besteak beste, desmilitarizazioa-, Errusiako Armadak erasoak areagotu egingo dituela ohartarazi dio, Eliseoko iturriek jakitera eman dutenez.

Elkarrizketa telefonikoa Putinek eskatuta egin dute. Errusiako buruzagiak nabarmendu duenez, ukrainarrek bere baldintzak bide politiko-diplomatikoaren bitartez onartzen ez badituzte, Moskuk militarki lortuko ditu bere helburuak.

Macronek "hanka-sartze larria" egiten ari dela erantzun dio, "aitzakiak" bilatzen ari dela, eta indarkeria eta Errusiak ordaindu beharko duen prezioa justifikatzerik ez duela, denboraldi luze batean "bakarturik, ahulduta eta zigorpean" amaituko duelako.

"Okerrena iristear dago"

Elkarrizketa telefonikotik "okerrena iristear" dagoela atera du Frantziako estatuburuak, Putinen erabakia eta Ukrainari errua botatzeko argudioa ikusita; izan ere, Errusiako buruzagiaren ahotan, Minskeko akordioa hausteak abiatu du operazioa.

Eliseok onartu duenez, nahiz eta elkarrizketa "tentsio handikoa" izan, zintzo hitz egin eta etorkizunean harremana mantentzeko asmoa dute bi buruzagiek, "elkarrizketa hautsi barik gauza potoloak esan ahal dizkiotelako elkarri".

Eraso militarrari amaiera emateko eskatu dio Macronek Putini berriro. Era berean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen zein haren familiaren eta herrialdeko zibilen osotasun fisikoa bermatzeko eskatu dio. Zibilak helburu militarra ez direla ziurtatu du Errusiako presidenteak.

"Nazien" antzera jokatzen ari dira

Frantziako iturrien arabera, ukrainarrak "gerra krimenak" egiten eta "nazien" antzera jokatzen ari direla ziurtatu du Putinek. Horregatik, nahiz eta negoziazioari zabalik egon, "azkenera arte" heltzeko asmoa du, herrialde guztia kontrolatu arte.

Aldebiko elkarrizketa bukatu ondoren, Macronek Zelenskirekin hitz egin du. Errusiako agintariaren baldintzak azaldu dizkio Frantziako buruzagiak Ukrainako agintariari. Amorerik emango ez dutela erantzun dio Zelenskik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Frantziako Gobernua Errusia-Ukraina gerra